ARBIZU
Nahiz eta gaur egungo gizartean, bai arazoak konpontzeko, bai lana aurkitzeko eta, azken batean, gizarte gero eta lehiakorrago honetan aurrera egiteko, bai teoria eta bai praktika, biak ia-ia ezinbesteko izan, arbizuarrek badaukate gainerakooi zer erakutsi. Izan ere, Sakanako herri horretan ederki aski egiten baitute askotan bereizteko horren zail diren bi kontzeptu horien arteko bereizketa. Horren erakusgarri dugu herriko jai nagusien (eta duela zenbait urtera arte bakarrak) hasierarekin egiten dutena. San Joan jaiei hasiera eman zien txupina atzo eguerdian jaurti zuten udaletxeko balkoitik, baina ez zen inolako jendetzarik joan udal plazara. Aitzitik, bakar batzuk baino ez ziren bertaratu; seme-alaba edo biloba txikiekin suziria ikusi eta entzu- teko guraria betetzeko ahalegina egin zutenak baino ez.
Aurtengo suziria botatzeko ardura Angel Mari Lag herriko idazkariak hartu zuen, eta hark azaldu zigunez, txupinazoa goizean bota arren, herri guztiak daki jaiak ez direla arratsaldera arte hasten.
Ez dago esan beharrik herriaren jaietarako «janzkera» ia-ia osatuta zegoela: banderatxoak kaleen alde batetik bestera, tabernek ere jai giroko musika jarrita, herritar asko eta asko gauean edo hurrengo egunetan etxean jasoko dituen afaltiar edo bazkaltiar mordoari zer jarriko dion elkarri kontatzen...
Baina esan bezala, oraindik ere jende gutxi zebilen goizean kalean barrena, eta haurrentzako barraka eta postuak ere osotara jarri gabe zeuden.
Hala ere, egun erdiko jaia izanagatik, jai batzordeko ordezkari Aintzane Leizaren esanetan, atzoko eguna da jaietako erakargarriena, San Joan bezpera; izen bereko ermitara igotzen dira herritarrak bertan bezperak entzutera, suak pizten dituzte ermitatik hasi eta herrira bitarteko bide osoan eta Arbizun gora eta behera ibiltzen dira kalejiran. Atzo arratsetik hasita, baina, arbizuar guztiek zazpi jaiegun izango dituzte nahi beste gozatzeko.
Egitaraua
Larunbata 24
11.00: Diana.
11.30: San Joanera ermitara igoera
12.30: Areto futbol partidak.
13.00: AATE Aldabide elkartean.
16.30: 4x4 erakustaldia Olatzien.
19.30: Azulkillas trapezio antzerkia.
23.00: Batukada.
21.00: Dantzaldia Drindots taldearekin. Afaldu ondoren 23.30ean hasiko da berriro emanaldia.
Igandea 25
13.00: Trikiti jaialdia. Ordu berean
afizionatuen arteko pilota partidak jokatuko dituzte kiroldegiko pilotalekuan.
18.00: Gorriti eta bere animaliak.
19.00: 2. Mailako Txapelketari dagokion aizkora apustua.
20.00: AATE Arbizuarron hitza elkartean.
20.30: Dantzaldia Gaubela taldearekin. 00.00etan berriro hasiko da emanaldia.