GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-06-24
Sonia Gonzalez - Idazlea
Inuntze edo Euzkadiko jauntxo-andereñoak

Asko oporrak hasteko eta beste asko noiz hasiko irrikan gaudela, aukera bat emango dizuet oraindik ez baduzue ezer erabaki. Turismo gidaliburu eta webgune artean, bada bat Lea-Artibaiko «eszelentziak» iragartzen dizkiguna. Edozein herritan sakatuko dugu, Etxebarrian, esaterako? O, bai herri polita.

Eta polita da benetan. Hantxe agertzen zaizkigu, bide historiko monumentalean, Munibe, Ansotegi edo Mañozka jauregiak ikusgai. Historia ere badaukate atzean: zaldunak, apezpikuak eta abar. Jauntxoak, berba batean.

Antzinako garaiak ziren, jauntxoak alde batetik eta plebea bestetik. Orduan, jende hark gura eta apeta guztiak betetzen zituenean, edozeren gainetik, horregatik eta horretarako zirelako jaun eta jabe. Gehienok horrela ikusten dugu, aspaldi iragan ziren sasoi moduan. Gehienok, baina ez denok.

Pasa den mendean (eta honek 1997an bertan esan nahi du), Etxebarria herrian, jauntxo-andereño istoriotxo bat hasi zen, beharbada denboraz itsuek ere herriz herri kantatuko dutena. Istorio sinplea da baina irakaspen handikoa. Bixenta Mogelek euren alegietan ere faltan botako zukeen bere ipuin onetan, «cein- tzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari ta gazte gueiac eracaste ederrac beren vicitza zucentzeco».

Kontua da sasoi hartan PNV zela lurralde hartako jaun eta jabe, orojakile eta guztiahalduna. Hango zelaietara begiratu eta puztuta harrotzen zen. Alderdi-familia handi horretako batek zera pentsatu zuen: zelako pena hainbeste jauregi artean nik ezin uztea neure aztarna, zelako pena larre berde hauek hain alferrik galduta egotea... Esan eta izan, Inuntze eraikitzeari ekin zion.

Legezkoa ez zela bazekiten, baina nork esango Euzkadiko nagusiei zer egin ahal duten eta zer ez? Hasieratik egon ziren jakinaren gainean, hasieratik jakin zuten udalak eta etxea eraiki zuen zinegotziak iruzurra egiten ari zirela. Auzitegiak ere, San Pedro moduan, hiru bider ukatu eta, jakina, azkenean etxea botatzeko agindu.

Eta orain, ai-oi ene guztiak, eta orain kexaka eta negarka familia bat etxetik bota nahi dutela esaka, otsoa ardi jantzita berriro ere, biktimismo merkea herritik zehar saltzen. Berdin dela nondik datorren orain kontua, baina ea zertarako balio duen orain etxe barik uzteak... hainbat arrazoi etortzen zaizkit burura horretarako, baina bakar bat emango dut: jauntxo-andereñoen sasoian bizi ez garelako eta, zenbaitek uste arren, ezin dutelako gura dutena egin, potro-obarioetatik irteten zaielako arrazoi bakarraz. - sagarroiakgmail.com


Sonia Gonzalez - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Derecho... capacidad... respeto a decidir
Jendartea
Los sanjuanes empezaron con retraso
Euskal Herria
Nuevo paso de Marlaska para amordazar a Otegi
Kultura
Fallece la ilustradoraAsun Balzola
Euskal Herria
Marlaska amplía la operación policial a los empresarios
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss