Langile bat hil da Gaztelun indusmakina gainera erorita
GAZTELU
37 urteko F.L.V. langilea Gazteluko baserri batean lanean ari zela hil zen atzo 14.30 aldean. Osalanek azaldutakoaren arabera, gaztea zanga bat egiten ari zen indusmakinarekin, hura irauli eta kanpora salto egin zuenean makina gainera erori zitzaionean. Gorpua Donostiako Auzitegi-Patologia Zerbitzura eraman zuten autopsia egitera. Bilbon, gainera, Sopuertako 41 urteko beste langile batek istripua izan zuen, hura ere lanean ari zela burdin barra batek aurpegia kolpatu zuenean, goizeko 10.15 aldean. JB.F.C. Gurutzetako ospitalera eraman zuten zaure ez oso larriekin. Lan istripu horiek Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak egindako Lan Baldintzen eta Osasunaren Nafarroako II. Inkesta aurkeztu eta gutxira izan ziren, hain zuzen. Inkestaren arabera, Nafarroako enpresek 1997. urtetik 2004ra bitartean «hazkunde orokorra» izan dute, lan gaixotasunei eta prebentzio baliabideei dagokienez. Hala, 1997tik prebentzio ordezkariak hirukoiztu egin dira, eta enpresa handi guztiek, baita ertain askok ere, osasun eta segurtasun batzordea dute. Hala ere, Eraikuntzan hutsuneak egon badaudela nabarmentzen du inkestak. Nafarroako langileen %87 «oso edo nahiko pozik» dago dituen lan baldintzekin, eta %1 soilik ez dago «batere pozik». Era berean, enpresen %70ek kanpoko prebentzio zerbitzuetara jotzen dute, eta kasu horien %80n lan istripuen eta gaixotasunen mutualitateek egiten dute, hain zuzen, lan hori. Zerbitzu propioa dutenen artean, aldiz, %90ek segurtasuna soilik jorratzen dute, eta lan medikuntza ez dute horrenbestetan ezartzen. Laneko segurtasunaren eta osasunaren gaineko formazio eta informazio ekintzei dagokienez hazi egin dira: 1997an, enpresen %26k eskaintzen zituzten zerbitzuak, eta 2004an %63,8 izan ziren.
|