GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-06-24
Baionako CGTk, ohiko gaiekin batera, etxebizitza eta bazterketa landuko ditu
Hiru urtean behin egiten duten Kongresuan hurrengoetan jorratuko dituzten lan-ildoak onartu zituen Baiona eta inguruko herrietako CGTk. Enplegua, soldatak eta lan-baldintzak ohiko borroka ardatzei beste hainbat gaineratu zizkioten atzo. Besteren artean, gizarte-estaldura, diskriminazioa eta etxebizitzaren premia. Karguak berritzearekin batera, hainbat lantalde sortu dituzte, eta, antolakuntzan ere egokitzapenak egin dituzte «barne demokrazia» areagotzeko.

BOKALE

Azken urteotan lantzen ari diren ohiko gaiez aparte, Baiona eskualdeko CGT sindikatuak beste batzuk ere jorratzeko erabaki sendoa hartu du amaitu berri duen kongresuan. Horrela, bada, enplegua eta prekarietatearen, soldaten eta lan-baldintzen inguruko borrokarekin batera, etxebizitza, diskriminazioa eta gizarte estaldura gaiei ere aurre egingo diete datozen hiru urteetan.

Philippe Mediavillak, atzora arte idazkari orokorra izan denak, eta haren funtzioa hartu berri duen Alain Duzertek atzo Bokalen adierazi zutenez, «lantegi bakoitzeko CGT taldeen sarearen batasunaz harago, afiliatuen batasuna lortzea» izango dute erronketariko bat.

Izan ere, tokian tokiko arazoez gain, «era zabalagoan» planteatzen zaizkien beste hainbat «komunak» dira, eta, era komunean aurre egitea «posible eta komenigarria» dela jabearazi nahi die afiliatuei.

Etxebizitzaren arazoa

Horien artean, gori-gorian dagoen etxebizitzaren arazoari heltzeko lantalde berezia sortu du sindikatuak. Arazo horrek langileengan ere eragin handia duen arren, azken garaietan «baztertu samar» izan dutela aitortu zuten CGTko bi ordezkariek. Gaur egungo bizimoduak langileak lantokitik gero eta urrunago bizitzera behartzen dituela gogora ekarrita, joan-etorrietako istripu arriskuak ­lan-istripu direnak­ areagotu egiten direla nabarmendu zuten. Gainera, enpresa askotan langileen etxe premiak laguntzeko dagoen diru-funtsaren kudeaketa «iluna eta okerra» dela uste du CGTk.

Kongresuan onartutako beste lan-ildoen artean, diskriminazioarena dago. Sexu hautuagatik, emakume izateagatik edota arrazagatik langileek jasaten duten bazterketa ikertuko dute gerora jarraibideak finkatzeko.

Barne-antolakuntzan ere egokitzapenak egitea deliberatu dute, «funtzionamendu demokratikoagoa» erdiesteko. Horien artean, urtean behin batzar orokorra egingo dute adar guztietako ordezkaritzekin, beharren arabera ildoa egokitzeko.



Euskara, presoak hurbiltzea eta LABekin harremana aztergai izan dira

M.A.
BOKALE

Jakina da CGTk ez duela harreman ofizialik LAB sindikatuarekin. Alta, borrokaldi askotan, bakoitzak bere aldetik bada ere, bat egin izan dute kalean, eta, sindikatu abertzalea egonkortzen eta hedatzen joan den heinean, harremanen gaia eztabaidagai izan dute Kongresuan. Horrela, besteak beste, Estatuko CGT konfederazioarekin kontraste bat egitea eta Korsikako STEkin duten eskarmentuaren bilakaera aztertzea erabaki dute urte amaierarako LABekin izan beharreko harremana finkatzeko.

Kontrasteak

Euskal presoen sakabanaketaz ere kontrasteak egingo dituzte alor horretan ari diren hainbat elkarterekin: «Ez soilik Askatasunarekin, Estatu frantseko beste batzuekin ere bai. Euskal gatazkaren ondorioz dauden presoek sistematikoki trataera desberdindua dutela egiaztatzen badugu, CGTk bere jarrera berrikusiko du, hori bai, hartuko dugun erabakia ez da soilik Baionako CGTrena izango, Departamendukoa edo Estatuko konfederaziokoa izango da».

Euskararen erabilera sustatzeko, berriz, lantaldea berriro osatu dute, duela hiru urte sortutakoak ez duelako funtzionatu. Ofizialtasunak lana bilatzerakoan diskriminazioa sortuko lukeen eztabaidatu dute. Hiru gaiotaz UGTrekin eta CCOOrekin hitz egingo du CGTk.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Derecho... capacidad... respeto a decidir
Jendartea
Los sanjuanes empezaron con retraso
Euskal Herria
Nuevo paso de Marlaska para amordazar a Otegi
Kultura
Fallece la ilustradoraAsun Balzola
Euskal Herria
Marlaska amplía la operación policial a los empresarios
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss