«Nire lanak birsortzea dira niretzat; neure burua plazan aurkezten dut»
Kepa Arizmendi Bereauren azken lanetan, betiko estilo pertsonalaz gain, 2003tik goiti egiten ari den ikerketa kontzeptualaren emaitzak ikus daitezke. Hainbat urtetan, artista iheslari horren lanak publikoan aurkeztu gabe ziren, baina Elizondoko erakusketaren ondoren etorkizunari modu positiboan begiratzen dio margolari baztandarrak.
ELIZONDO
«Nire ustez, bada beti hari nagusi bat, eta pinturan badira estilo batzuk. Hasi nintzenean, konstruktibista zen nire estiloa, figuratiboa, baina gero beste gauza batzuk egiten saiatu naiz, nire senak eskatzen didana», horrela definitzen du Arizmendik margolaritzara hurbiltzeko bere era. Azken urteotan jarraitu duen artearen ideiaren berri eman du: «2003an gauza bitxiekin aurkitu nintzen, adibidez basoaren ideiaren sintetizazioarekin, baina gero nire estiloa beti hor dago. Hori trazuetan, koloreetan... ikusten da, eta beti bada zerbait figuratiboa, baina horrekin jokatzen dut».
Artean, bizitzan bezala, norberaren berezitasunak nabaritzen direla uste du margolariak: «Koadroetan ikusten da, gauza guztietan ikusten den bezala, norberaren izaera; bada pentsaera bat atzetik; bada filosofia bat». Kepa Arizmendi filosofiak asko erakartzen du, besteek pentsatzen dutena jakiteak, horregatik ikuspegi hori bere margoan ere agertzen du. «Norbait interesatua bada kritika lanak egiten, niri interesatzen zait, zeren eta hau birsortzea da niretzat; neure burua plazan aurkezten dut eta interesantea da», adierazi zuen Arizmendi Bereauk.
Elizondoko erakusketaren karietara argitaratu duten katalogoan esaten du: «Ea oraingo hau zerbaiten hasiera den». Hitz horiekin Euskal Herrian gertatzen ari den prozesuari erreferentzia egiten dio margolariak, eta, aldi berean, horrek bere bizitzan izango lukeen eraginari: «Egoera berri honetan, biharkoari begira, ni eta ni bezalako jende asko dago tartean. Nire pintura egin eta erakutsi, zirkuituan sartu eta posible baldin bada, horretaz bizi nahi dut».
Gaur egun ezkutuan bizitzera behartzen duen egoera horretan margotzea zaila dela onartu du Arizmendik, nahiz eta azken urteetan garai berri bati ekin dion, harentzat artea baitezpadakoa baita: «Izaera hori nire egin nahi nuen; nahiz eta abertzalea izan eta borrokan parte hartu, nire artista izaera ere erakutsi nahi nuen».
|