EHNEk ardo ekoizle txikien merkataritza egitura bultzatzeko neurriak eskatu ditu
Ardoaren Merkatu Antolakunde Bateratuak ekarriko duen «eragin latzari» aurre egiteko, ardo ekoizle txikiak babesteko neurriak eskatu ditu EHNEk: besteren artean, bertako ardoaren kontsumoa handitzeko kanpainak eta upeltegi txikien egiturak bultzatzeko laguntzak. Izan ere, liberalizazioak egungo oreka desegin dezake.
GASTEIZ
Ardoaren Merkatu Antolakunde Bateratuko (MAB)aldaketak izango duen «eragin latza dela-eta» nekazari eta ardo ekoizle txikiak babesteko neurriak eskatu ditu EHNEk, eta neurri horiek Europar Batasuneko estatuek laguntzak banatzeko ahalmenaren bitartez ordaintzea nahi du. Alde batetik, bertako ardoaren kontsumo moderatua bultzatzeko kanpaina proposatu du, sor-marka duten ardoen eskakizuna indartzeko. Bestetik, upeltegi eta kooperatiba txikien merkataritza egiturak sendotuko dituzten inbertsioak eskatu zituen. UAGAko Eduardo Perez de Azpillagak eta EHNE-Nafarroako Jesus Corcinek azaldu zutenez, Lakuari eta Nafarroako Gobernuari zuzendu dizkiete eskaera horiek, Madrilgo Gobernura bidera ditzaten. Joan den astean, Europako Batzordeak MABen proposamena aurkeztu zuen. Sindikatua kezkatuta dago agiri horretan ez duelako ikusi gutxieneko errentak bermatzeko neurririk. Sektorea kontuan hartu ez duen politika dela salatu zuten EHNEko ordezkariek, eta «despotismo ilustratua» dela esan.
Liberalizazioa
Proposamen horren arabera, 400.000 mahasti hektarea desagertuko dira datozen bost urteotan. Hori sustatzeko, aurrekontuaren %40 gastatuko dute. Ondoren, 2013. urtean, landatzeko eskubideak desagertuko ziren, eta, ondorioz, landaketa berriak egin ahal izango dira, eta sektorean liberalizazioa ezarri. EHNEk gogor kritikatu zuen neurri hori. Haren ustez. ekonomikoki errentagarritasun txikiagoak dituzten mahastiak erabat mahatsik gabe gelditzeko arriskua dago eta, aldi berean, gaur egun errentagarrien diren lurrek izugarrizko landaketa jasango lukete. «Urte gutxi barru egoera berean izango gara», ohartarazi zuten.Gainera, sor-markaren ekoizteko gaitasuna eta eskaintza-eskaera oreka kontrolatzeko «egin dituzten ahalegin guztiak akatzen» dituztela gaitzetsi zuen sindikatuak.
|