PRISTINA
Serbiarren handinahiaren sinbolo bilakatu den Kosovo Poljeko borrokaren urteurrena ospatzeko Kosovon izan zen atzo lehen ministro serbiarra, Vojislav Kostunica. Gracanicako monasterioan Serbiako Eliza Ortodoxoaren aitalehen Pavlek zuzendu zuen ekitaldi erlijiosoan parte hartu zuen Belgrad-eko agintariak. Hala ere, Nazio Batuen misioak galarazi egin zion Gazimestan Pristina hiritik gertu egin zuten ekitaldira joatea.
Serbiarrek aldarrikatzen duten historiari jarraituz, Gazimestanen dago Kosovo Polje (Zozoen Zelaia). Bertan, 1389. urteko ekainaren 28an, Murad Lehenaren Armada Otomanoak Lazar serbiar printzearen Armada suntsitu zuen borrokan. Borroka horrek Balkaneetako ateak zabaldu zizkien turkiarrei, eta herrialdea beren agindupean izan zuten ondorengo 500 urteetan.
Porrota garaipen bihurtu du serbiarren mitologiak, eta «aberria babesten hiltzeko duda izpirik izan ez zutenen etsenplutzat» jotzen du.
Slobodan Milosevic zenak, borrokaren 600. urteurrenean, Serbia Handiaren aldeko mitina eman zuen bertan, eta Yugoslavia guztiz suntsituko zuten gerrei bidea zabaldu zien.
Yugoslavia ez da existitzen, baina Kostunicaren bisitarako une hau aukeratzea ez da batere inozoa; Kosovoren statusean adosteko negoziazio garaia baita, hain zuzen ere.
Nazio Batuetako misioak Kostunicaren bisita baimendu du, eta tankez inguratu du Pristina hiria.
Autodeterminazioaren taldeko ehun bat albaniar atxilotu dituzte protesta egiteagatik.
Agim Çeku Kosovoko presidente eta gerrillariburu ohiak, ostera, argi du: «Hark (Kostunicak) gure herria probokatu nahi du, baina gu ez gara joko horretan eroriko. Alderantziz, erlijio-askatasuna errespetatzen dugula frogatuko dugu». Kosovon biztanleen %90 albaniar-musulmanak dira.