EHBE: «euskararen egoera hezkuntzan tamalgarria da»
·Hainbat alor jorratzen dituen azterketa kaleratu du datuak eta testigantzak batuz
Euskal Herriak Bere Eskolak hezkuntzan euskarak duen egoera lantzen duen txostena kaleratu du. Horretan egoera «tamalgarria» dela batzen da, bai oinarrizko ikasketetan, nahiz lanbide heziketan eta unibertsitatean. Hala, euskararen normalizaziorako gogor lan egin behar dela adierazi du.
DONOSTIA
Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE) kaleratu duen txostenak hezkuntzan euskararen normalizazioa lortzeko lanean gogor jarraitzearen beharra erakusten du. Horrela adierazi zuen lana aurkezteko EHBEk.
Azterketan, hainbat eremu aztertu dira, besteren artean, matrikulazio datuak. Horretarako Aztikerrek eginiko azterketa soziolinguistikoa oinarri hartu dute. Horretan jaso eta EHBEko kideek nabarmendu zutenez, «azken urteotan D ereduan matrikulatutako ikasleen kopuruaren hazkundeak moteltze nabarmena izan du». Era berean, hezkuntzako hizkuntz ereduen politikek porrot egin dutela adierazi zuten «ikasleen %31,8 besterik ez delako euskalduntzen».
Arlo honetan EHBEk «Euskararen ezagutzaren bermerako proposamena» aurkeztu zuen, non ikasle guztiak euskaldunduak izateko oinarriak jasotzen diren. «Ez dago urrutiegi jo beharrik soluzioak bilatzeko, Euskal Herrian badugu ongi funtzionatzen ari den eredua: murgiltze eredua, D ereduan oinarritu eta berau eraginkortzeko neurriak barne hartzen dituena», azaldu zuten.
Lanbide heziketan euskarak gutxiagotasunezko egoera ere salatu dute txostenean. Alde horretatik, Lakuak ikasleen %85 erdara hutsean ikasten ari dela onartzen duela nabarmentzen dute. Unibertsitate arloari dagokionez, egiten ari diren UPV-EHUren Udako ikastaroetan erreparatu dute. «125 ikastarotatik 105 gaztelera hutsean dira; 6 ingelesez; 3 elebitan; eta 11 besterik ez euskaraz», jakinarazi zuten.
Txostenak datuak ez ezik, hainbat ikastetxeren testigantzak jaso ditu. Egoera kezkagarria dela esan arren, esperantzarako adibideak ere badirela azaldu zuten.Hala, Lakuaren eskuetan «Bai Eskolak Euskalduntzeari» kanpainako kideek jarritako 107.768 sinadurak aipatu zituzten «Herritarrek egoera larriaren jakitun erantzun azpimarragarria eman diote, beraien borondatea argi eta garbi agertuz: Euskal Herriko ikasle guztien euskalduntze osoa bermatuko duen eredu barrak, euskalduna», azaldu zuten, Euskal Herriaren biziraupenerako eta garapenerako ezinbesteko neurria dela gaineratzearekin batera.
|