Berriz Sanpedrotan
Oizpe pilota taldeko kideek irakurri dute pregoia
Oizpe pilota taldeko kideek irakurri zuten atzo pregoia Berrizen eta, ondoren, txupinazoa bota zuten jaiei hasiera emateko. Ez da izango berritasun bakarra, Euskal Jokoen III. Topaketen finala jokatuko baitute larunbatean eta horrekin batera, antzerkia ere izango baita jaietan. Berriz Oinez izeneko ibilaldia ere izango da gaur goizean.
BERRIZ
Lehen Peña Berasaluze IV zena Oizpe pilota talde bihurtu zuten duela lauzpabost urte Felix eta Juanito Urabarri anaiek, herriko pilotazaleen eskaerei erantzunez. Gaur egun 35 pilotarik osatzen dute taldea eta iaz urte historikoa bizi zuten Berrizko pilotariek, izan ere, Berrizek hainbat final jokatu arren, iaz lehenengoz eskuratu zuen Herriarteko Pilota Txapelketa Elorriori irabazita.
Oizpekoak izan ziren atzo protagonista, pregoia irakurri baitzuten. Jaiei hasiera emateko, gainera, txupinazoa bota zuten eta ondoren sardina-jana izan zen Elizondo plazan. Donien atxa ipini ostean, dantzarien entsegu nagusia egin zuten eta gauez, erromeria hasi behar zuen Arenal orkestrak.
Gaurkoa egun handia dute berriztarrek eta hasteko, goizeko bederatzietan, zazpi kilometro eta erdiko herriko ibilbidea beteko dute hainbat berriztarrek. Baserriz baserri arituko dira eguraldiak lagunduta. Ondoren, hamaiketan, herriko trikitilariak kalejiran izango dira eta ordu berean, altxorraren bila jokoa hasiko da.
Mezak eta dantzarien saioak emango diote bukaera goizeko programari. Arratsaldez, eskolako soinketa gelan, escalestrix erraldoia muntatuko dute eta 18.30ean, Elizondoko Beti Zuak arituko dira.
Ordubete geroago, Iker Lezetaren bike trial erakustaldia hasiko da eta ondoren dantzarien dantzak. Gainera, 22.00etan, Antzar antzerki taldeak ‘‘Nortasunaren bila’’ antzeztuko du kiroldegian.
|