San Pedro jaiak Diman
Jai batzordeak parte hartzeko deia egin du
Aurten jai batzordea osatzeko dei egin du Udalak sanpedroak antolatzeko eta, alde horretatik, herritarren parte-hartzeari bide eman diote. Hala ere, azken urteotan «gero eta inpertsonalagoak» izan dira jaiak, kontratazio ugari egiten dira eta duela gutxi arte auzolanean egiteko zegoen ohitura berreskuratu gura dute herritarrek.
DIMA
Aurten, jaiak antolatzeko, jai batzordea osatzeko dei egin du Udalak, eta horri erantzuten zenbait herritar buru-belarri aritu da antolakuntza lanetan. «Alde batetik, ondo egon da parte-hartzea bilatzen ahalegindu direlako, eta adin ezberdinetako koadrila bat batu garelako.Baina ekitaldiak antolatzeko orduan baldintzatuta egon gara Udalak ipini dituen mugengatik, bai egituren aldetik bai herriko guneak kudeatzeko moduagatik», azaldu zioten GARAri jai batzordeko kideek.Udalak eman duen erantzun horren adibide da txosnen kokapenarekin gertatutakoa. Izan ere, orain arte frontoian kokatzen baziren ere, aurten alkatetzak plazan bertan kokatzeko agindua eman du. Hiru txosna dira ondorioak nabaritu dituztenak: Luis Prieto Lagun Taldea, Dimako Gazteak eta Euskal Presoen Aldeko Txosna. Jai batzordeko kideek ere ez dute kokapen berria begi onez ikusten. Izan ere, txosnek jai gunetik gertu egon behar dutela uste dute, baina bere gune propioa behar dutela azaldu zuten. Plazan hiru txosnek kentzen duten lekua ere nabarmendu zuten, eta bertan dauden ikuskizunekin batzuk zein besteak baldintzatuta egongo direla nabarmendu zuten. Gaur goizean abiatuko den jai egitarauaz, jai batzordearen barruan desadostasun handiegirik ez dela egon aitortu zuten. Azaldutakoaren arabera, adin eta gustu ezberdinei begirako ekitaldiak antolatzen saiatu dira eta alde horretatik, parte hartzeko dei egin dute, Diman duela urte batzuk arte batera lan egiteko egon den tradizioan oinarrituta: «Azken boladan inpertsonalagoak egin dira jaiak, gero eta gehiago jotzen da kontratatzeari eta lehengo giroa eta kultura berreskuratzea gura izango genuke», adierazi zuten. Beste dei pare bat ere egin zuten jai batzordekoek, batetik, jaiak berdintasunean ospatzeko dei egin zuten eta, bestetik, «alderdikeria eta protagonismoa alde batera utzita» ospakizunez gozatzeko dei egin zieten herritarrei.
Errepresaliatuak, gogoan
Bestalde, iaz egitarautik desagertu eta aurten berriro azaltzen den ekitaldi bat nabarmendu dute herritarrek: zapatuan 24.00etan egiten ohi den euskal preso eta errepresaliatuen aldeko ekitaldia.Aurtengo egitarauan txalapartariak eta bertsolarien agerraldia izango dela iragarri dute. Izan ere, sortu berri den Dimako bertso eskolako kideak izango dira agertokian. Errepresaliatuen aldeko mezua irakurtzeaz gain, tradizioa jarraituz, omenaldia egingo diote herriko bi errepresaliatuen sendikoei, Ane Petralanda errefuxiatuaren sendiari eta Agurtzane Uriarte Almerian dagoen euskal preso politikoaren sendiari, hain zuzen ere. Ekitaldiak Pog Mo Thon eta Reincidentes taldeen kontzertuekin bat egiten du, baina azaldu zutenez, etenaldia egingo dute omenaldi ekitaldiari bide emateko.
|