Mikel Urkiaren egoera gaitzetsi dute Errenterian
·Gose-greban da ekainaren 18tik, Estatu frantsesetik kanpora dezaketela salatzeko
Ekainaren 18az geroztik gose-greban da Mikel Urkia Gogortza preso errenteriarra, uztailaren 17an agintari espainolen esku geratzeko arriskua duela salatzeko, behin epaitegi frantsesek jarritako zigorra betetakoan. Beren herrikidearen egoera gaitzetsi eta presoari elkartasuna adierazteko asmoz, ekimenak hasi dituzte Errenterian.
ERRENTERIA
Uztailaren 17an beteko du Mikel Urkiak epaitegi frantsesek jarri zioten sei urteko kartzela-zigorra, eta Estatu frantsesean bizi edo egoteko debekua ere ezarri ziotenez, kanporatzeko eta agintari espainolen horiek ez dute estradizio eskaerarik egin esku geratzeko arriskua du. Hori dela-eta, Perpinyako espetxean den 40 urteko preso errenteriarrak gose-greba hasi zuen duela hamabi egun.Herrikideari elkartasuna erakustearren, atzo elkarretaratzea egin zuten Errenteriako herriko plazan. 60 bat lagunek hartu zuten parte protestan, eta jakinarazi zuten presoak, gose-greba hasi zuenetik, birritan jaso duela medikuaren bisita. Etzi agerraldia egingo dute Askatasunak, Batasunak eta Aukera plataformak, Urkiaren egoeraren gainean duten iritzia plazaratzeko. Mikel Urkia, Matu, 2002ko urtarrilaren 31n atxilotu zuten Bouscat herrian. Lau egunez inkomunikatuta eduki ostean, epaileak La Santen espetxeratu zuen; geroztik, Villepinten izan dute, berriro ere La Santen eta egun Perpinyako kartzelan da. 2005eko uztailean epaitu zuten errenteriarra Parisen, eta aipatu zigorra jarri zioten hainbat delitu leporatuta:besteren artean, «helburu terroristak dituen gaizkile taldeko kide izatea», «armak legez kanpo edukitzea» eta «lehergaiak legez kanpo edukitzea».
«Tortura arriskua»
Askatasunak nabarmendu duenez, kanporaketa «prozedura judizialetatik at dagoen eta bidezkoa ez den» prozedura da, batik bat Estatu espainolean «tortura arriskua»dutelako kanporatuak diren euskal herritarrek: «Polizia espainola edo Guardia Zibila zain eduki ditzake euskaldun horrek, eta, prozedura epaibideetatik kanpokoa denez gero, pertsona hori atxilotu, inkomunikatuta utzi eta torturatu egin dezakete».Ildo horretan, errepresioaren aurkako antolakundeak gogorarazi du «giza eskubideen aldeko nazioarteko ebazpen guztietan pertsona bat beste estatu batera kanporatzeko debekua» azaltzen dela, «tortura edota tratu txarrak erabiltzeko arriskua baldin badago».
|