- III. Herrien Arteko Euskal Joko Topaketak
Berrizko azken jaialdiak 24 talde ipiniko ditu lehian
·Larunbat goizean jokatuko dute eta festa egun osoan luzatuko da
Asier AIESTARAN
DONOSTIA
Larunbat honetan jokatuko dute Berrizko futbol zelaian III. Herrien Arteko Euskal Joko Topaketen azken jaialdia. Lurraldez lurralde kanporaketak jokatu ostean, zazpi euskal herrialdeetako 24 taldek 288 neska-mutil orotara hartuko dute parte goizeko hamaiketan hasiko den final nagusian.
Hauxe da parte hartuko duten taldeen zerrenda: Aiara, Lautada, Arabar Errioxa, Mendizabala eta Goiena, Arabatik; Baigorri, Nafarroa Beheretik; Etxemaritxu, Lekeitio, Trapagaran, Berriz, Arratia eta Olakueta, Bizkaitik; Asteasu, Oiartzun, Hernani, Idiazabal eta Zizurkil, Gipuzkoatik; Sara, Miarritze eta Itxasu, Lapurditik; Irañeta, Uharte Arakil eta Saldias, Nafarroa Garaitik; eta Ligi, Zuberoatik.
Jaialdia Berrizko San Pedro festen egitarauan sartuko da eta kirolariek ohiko probetan aritu beharko dute: txingak, ingudea, zakua, toka, lastoa, dantza, harria, sokatira, lokotxak, trontza eta musa.
Sekulako egitaraua
Horrela, amaiera emango zaio joan den apirilaren 22an Baigorrin hasitako lehiaketa-festari. Aurtengo ekitaldian 52 taldek hartu dute parte guztira eta 624 pertsonak izan dute euren ahalmena erakusteko aukera. Gasteizek, Sarak, Elizondok, Oiartzunek eta Elorriok ere hartu dituzte kanporaketak.
Azken jaialdia dela-eta, festa galanta antolatu dute Berrizen. Topaketa jokatzen den bitartean bertsolariek alaituko dute giroa eta lehiaren amaieran Trapagarango harri-zulatzaileek, lehen aldiz emakumeak ere bai, erakustaldia emango dute. Hiruretan bazkaria egingo dute 500 bat pertsonak kiroldegian eta euskal erromeriak emango dio amaiera egunari Elizondo plazan Iremiñe dantza taldearekin.
|