- Aspe eta Asegarce haserre
San Fermin Torneoa bereizita jokatuko dute bi enpresek
·Lau eta Erdiko finala bere horretan mantenduko dute oraingoz
DONOSTIA
Aspek eta Asegarcek ez dute akordio bat hartu, eta binakako San Fermin Torneoa bereizita jokatuko dute bi enpresek; bakoitza bere aldetik arituko da, alegia. Lau eta Erdiko finala, ordea, bere horretan mantenduko dute. San Fermin egunean jokatuko dute Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok edo Enrike Galartzak. Azken orduko harremanek ez dituzte bi aldeen arteko erlazioak batere gozatu eta, bihar goizeko feriaren aurkezpena bi enpresek batera egingo duten arren, ez da torneo bateraturik jokatuko.
ETBk zabaldu zuen informazio hori, nahiz eta alde bateko eta besteko adierazpenek zentzu horretan pentsatzera bideratu. Patxi Mutiloa Aspeko gerenteak GARAri eginiko adierazpenetan, aurkezpena batera egiteko asmoa azaldu zuen. «Gure arteko erlazioa ez da batere ona, baina aurkezpena bi enpresetako pilotariek batera egingo dute. Gero, bertan esango ditugu esan beharreko guztiak», esan zuen Mutiloak. Bestalde, Asegarcek ere aurkezpe- nerako deialdi bateratuari eutsi dio webgunean.
Liskarra artekarien banaketa egiteko moduagatik sortu zen astearte arratsaldean. Aspek jaialdi guztietan artekariak erdibana ipintzea nahi zuen; Asegarcek, aldiz, lehenik jaialdiak banatu eta ondoren bakoitzean enpresak bere artekariak bakarrik jartzea. Hortik uler daiteke Lau eta Erdiko finala bertan behera ez uztea Aimarren eta Irujoren arteko lehiak sortuko duen ikusmina sekulakoa izango da, baina binakakoa enpresa bakoitzak bere aldetik antolatzea.
Aurkezpen ofiziala bihar goizeko hamaiketan egingo dute Iruña Park hotelean, Nafarroako hiriburuan, eta orduan ezagutuko ditugu urteko pilota feria garrantzitsuenetakoaren nondik norako zehatzak.
|