GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-07-01
Aurrerantzean Akitaniako Kontseilua izango da Baionako portuaren jabea
Baionako portua Akitaniako Eskualde Kontseiluaren jabetzakoa izango da hemendik aurrera. Tokiko ekonomia eta itsas garraioa sustatzea izango da helburu nagusietakoa, lur garraio ezberdinekin lotura egingo lukeen plataforma bilakatzeko xedearekin. 2007ko abendura arte Merkataritza eta Industria Ganberak kudeatuko du.

BAIONA

Dezentralizazio prozesuaren ondorioz, hilabete honetan gauzatuko da aspaldi iragarria zen Baionako portuaren eskualdaketa. Horrela, Estatuak Akitaniako Eskualde Kontseiluaren esku utziko du portuaren jabetza. Hitzarmena zigilatuko duen protokoloa uztailaren erdialdera sinatuko badute ere, 1etik aurrera izango du eragina.

Hilabeteak aritu dira eskualdaketa prestatzen baina, azken unera arte, hainbat gorabehera izan dira. Azkenetakoa, Estatuak portuko eremuaren barnean dagoen La Pièce Noyée izeneko orubea bereizi eta Baionako Herriko Etxeari saldu nahi izan dionean bizpahiru milioi euroren truke.

Baionako Udala ikuskizunetarako areto erraldoia (Zenith) eraikitzeko asmotan dabil eta Estatuak eremu horren eskaintza egin zion. Alta, Akitaniako Kontseiluak portu barruti osoa nahi zuen beretzat. Daniel Provence Kontseiluko Azpiegitura eta Garraioen zuzendariak adierazi duenez, «juridikoki Estatua harrapatua dago eta orube hori beretzat gordetzea nahiko zaila izango zaio».

Hala ere, Akitaniako Kontseiluak Baionako Udalaren interesa baliatuta, eskaintza berria egin dio, La Pièce Noyée, udalaren jabetza den Saint Bernard nasa inguruko beste lur-sail batekin trukatzeko. Biek irabaziko luketela dio Kontseiluak.

Provenceren esanetan, orain artean Akitaniako Kontseilua portuko jardunaren parte izan bada ere, tokiko ekonomia sustatzeko baliagarria izateaz gain, garraioentzat plataforma eraginkorra bilakatzea izango litzateke helburua:«Alain Rousset presidenteak argi utzi zuen aspalditxo itsas garraio mota ezberdinak garatu eta, lurreko garrioekin (trena, kamioiak) lotura eginez, itsasoko garraiobideak sustatzeko asmoa».

Diru-iturriak

Kontzesioa uzteagatik jasoko dituen diruez gain, beste funtsak ere eskuratuko ditu Akitaniako Kontseiluak. Horrela, beharrezko inbertsiotarako Dezentralizaziorako Funts Orokorra deiturikoa izango du, Estatuak azken hamar urteetan egindako inbertsioen batez besteko eguneratuaren arabera (500.000 euro inguru urteko). Paueko Kontseilu Nagusiak azpiegiturak finantzatzeko jarri behar dituen partidetatik ere dirua bilduko du eta, gainera, EBk egitasmo berrientzat dituen FEDER funtsen zati bat ere baliatzerik izango du.

Funtzionamenduari dagokionez, mantentze eta dragatze lanen gastuei aurre egiteko, Estatuak 1,661 milioi euro ordainduko dizkio.



Europar Batasun osoari irekitako lehiaketa
M.A.
BAIONA

Portua Akitaniako Kontseiluak berak zuzenean kudeatzeko aukera baldin badu ere, Daniel Provencek adierazi du datorren urtean lehiaketa publikora deituko dutela 2008tik goiti portuaren ustiatzea kontzesioan emateko.

Orain artean ez bezala, ordea, Europar Batasuneko zuzentarauak aginduta, lehiaketa Europako edozein enpresa edo erakunde kudeatzaileri izango da irekia. Kontseilua behartuta dago mota horretako deialdi publikoa egitera. «Zuzentaraua aspaldi onartua badago ere, hau izango da bigarren antzeko kasua. Lehena Grenobleko aireportua kudeatzeko deialdia izan zen», esan du Azpiegitura eta Garrioetako zuzendariak.

MIG, interesatua

Baionako Merkataritza eta Industria Ganbera (MIG) izan da urte luzeetan ohiko kudeatzailea, zehazki, 1958az geroztik. 2007 arte dauka kontzesioa.

MIGek beti adierazi izan du portua kudeatzen jarraitzeko asmoa duela. Baina azpiegitura hori oso ondo ezagutu eta eskarmentu handia izan arren, litekeena da beste lehiakideren artean hautatua ez izatea.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Una reflexión más reposada
Jendartea
Mikmaktarrak, akadiarrak eta Belle Maria
Kirolak
Basso, Ullrich y Vinokourov, fuera tras el escándalo
Jendartea
Hamaikagarrenean, jaia jai
Mundua
Hamas resistirá al plan israelí de hundir a su Gobierno
Euskal Herria
Batasuna reitera que la clave de la resolución radica en Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss