GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-01
APAIZAC OBETO espedizioa
Mikmaktarrak, akadiarrak eta Belle Maria
XVII. mendearen hasieran, azal zuriko neskatxa bat Mikmak buruzagi handi batekin ezkondu zen indiar erara, gaur egun Kanadako lurralderik turistikoenetakoa den Prince Edward deritzon uhartean. Emakume horri Belle Maria esaten zioten, bere edertasunarengatik. Mikmaktarrekin bizi zela, berehala hartu zuen amerindiarren sendabelarren eta natur baliabideen ezagutza.

H ainbat gaixotasun sendatzeko trebezia zuen. Tribuko gizonak arrantzara ateratzen zirenean, Belle Maria beraiekin joaten zen eta bere ahots eztiaz kantuan hasten zenean, arrainak erakartzen zituen mikmaktarren inguruetara. Bella Mariaren izena berehala inguruan zabaldu eta frantziar erregearen gudarosteen belarrietara heldu zen. Hauek, emakume eder hark hartutako sona ezagututa eta atxikitzen zitzaizkion botereen berri izanik, preso atzeman eta Prince Edward uharteko hegoaldeko hondartza batean erre zuten. Mikmaktarren ahozko tradizioan eta euren liburu sakratu batean hiroglifikoen bidez kontatzen den istorioaren arabera, Belle Maria emakume euskalduna zen.

John Joe Shark Prince Edward uharteko Mikmaktarren buruzagi espirituala da, eta NBE erakundearen eta Vatikanoaren aurrean duten ordezkaria. Bere etxean hartu gaitu, eta etxea inguratzen duen zelai zabalean eraikitako wigwanera eraman gaitu bilera egiteko. Wiwanga Ipar Amerikako indiarren ohiko tipiaren mikmak bertsioa da. Gainerako nazioek tipia oihalez egiten badute ere, mikmaktarrek urki azalez egin izan dute beti. Handia da, dozena bat lagun etzanda hartzeko modukoa. Berak kontatu digu Belle Maria euskal neskatxaren istorioa, eta kondaira ala egia den galdetuta, egia dela dio. Ahozko literatur tradizioak berarekin duen zalantzaren muga horien artekoa izaten da beti, kondaira edo egia. Bietatik behar du pixka bat.

Mikmaktarrek euskaldunen nabigaziorako abileziaren berri badakitela esan digu. Bertako natiboekin batera, lanbro artean nabigatzen hobekien moldatzen zirenak omen, XV., XVI. eta XVII. mendeetako euskal marinel haiek. Garaiko dokumentuetan idatzita dago, mikmaktarrek Beothukaren moduko euskal baleontzien txalupetan nabigatzen zutela. Euskaldunek bertan uzten zituzten sarri txalupok, baleontziak Euskal Herriko portuetara balearen koipeaz erabat zamatuta itzuli ahal izateko. Champlainek XVII. mendeko bere esplorazioetako kronika batean dio nola Maineko (Estatu Batuak) kostalde aurrean begiztatu zituen mikmaktar batzuk biscayensi txalupa batean nabigatzen. Mikmaktarrek atzerriko flotei lapurtutako galeoiak gidatzen jakin bazekitela esan digu, euskaldunei ikasita.

Mikmaktarrak berrogei mila inguru dira gaur egun, eta Kanadako Gaspesi, New Bronswick, Prince Edward uhartea, Eskozia berria eta Ternuako lurraldeetan bizi dira. Kjielagawit jainkoak pudupa balea jarraitu zuen eta hark arnasa non botatzen zuen, leku hura hautatzen zuen mikmaken kokalekutzat, lekurik ederrenak hain zuzen ere. Hamar mila urte daramatzate lur hauetan, eta duela ez askora arte herri ibiltaria izan da, urtaroen eta ehizaldien sasoien arabera mugitu izan dena. Nazioa dira, baina euren kontzeptua ez dago lurraldetasun egitura bati lotua. Kanoen herria ere esaten zaie. Gaur egun, biztanleriaren ehuneko hamabostak baino ez daki euren hizkuntza mintzatzen, zenbait lurraldetan eskoletan ikasten hasi badira ere. Berrehun urtean euskarak eta mikmakeak bat egin zuten lur hauetan, pindgle hizkuntza bat sortu zen, bien arteko nahasketa bat, merkataritza harremanetarako. Mikmaktarrek euskaraz egiten zieten hurbiltzen zitzaien azal zuriko orori “anaia”, “adiskidia”, “Oreina”... eta tankerako hitzak erabiliaz. Bitxia da gaur egun hori jakitea, Mikmaken europar guztiei euskaraz egiten zietela, gaur egun arriskuan gauden bi hizkuntza gutxitu garenak noizbait bat egin genuela, gure etorkizun latzaren susmorik ez genuenean... Joe Shark buruzagiari berari ere elkarrizketaren amaieran euskaldunei mikmakeraz hitz batzuk esateko eskatu diogunean, ezkutatzen saiatu den arren, lau hitz baino ez dakizkiela antzeman diogu. Hasieran harrigarria iruditu zaigu, baina errazegi juzkatu aurretik, gurean zenbat buruzagirekin gertatzen den hori oroitu gara.

Hau ez da Hollywood

Hollywoodek gure gizartean ezarri duen Ipar Amerikako indiarren irudi oro har nardagarri eta interesatuaren eraginez, beti pentsatu izan dugu indiarrek kolonoen buruko ilajea trofeotzat zutela. Ez da gezurra. Ordea, John Joe Shark buruzagiak azaldu digu ingelesek ordaindu egiten zutela eraildako amerindiar bakoitzeko, eta nola ordainketarako frogatzat indiarren buruko ilea erabiltzen zuten. Inork ikusi al du John Wayne indiarrei ilajeak mozten zoro bat bezala? Hara filmaren bertsio originala.

Gaur egun ere mikmakek pairatzen dituzte erasoak, New Bronswicken esaterako, duela gutxi mikmak arrantzaleen bi ontzi erre dituzte, amerindiarrek gobernuarekin sinatutako diskriminazio positibozko neurriek gainerako arrantzaleengan eragindako haserrearen ondorioz. Jhon Joeri ere behin baino gehiagotan erre dizkiote etxe inguruan eraiki izan dituen indiar sinboloak. Montrealen izan ginenean ere jakin genuen kalean dabiltzan homeless asko bertako amerindiarrak direla. Kanadako zenbait eremutan mohawk gazteak, irokiarrak eta beste kalera ateratzen hasita omen daude, eskubide eske. Beste film bat da, klasiko baten bertsio eguneratua...

Atoian

Bidaia honetan Kanadako bost itsas lurraldeak ukituko ditugu, garai bateko Nouvell Biscayeko lurraldea. Ordea, aspaldian ez gabiltza oso zorte oneko haizeari dagokionez eta bere laguntzarik gabe ez dago aurrera egiterik San Lorenzoko golkoko korronte eta olatuen aurka. Ez daukagu itxaronaldietarako denborarik; erlojuaren aurkako lasterketan gaude. Txalupa Montrealera bost egun berandu iritsi izanak eta aurkako baldintzek erabat murriztu digute aurreikusitako egun galduen tartea. Espedizioak amaiera egun eta portu jakina du: uztailaren hamabosta, Red Bay. Alegia, espedizioa ez dago helmugara iristeko behar besteko denbora hartzeko pentsatua. Gailurra egin beharra dago, baina bideak du garrantzia. Horrek guztiak eraman gaitu Gaspesitik Prince Edwarderako jauzia atoian egitera. Ez da erabaki erraza izan, baina ez dago beste modurik bisitatu nahi ditugun leku guztiak bisitatuz nabigatu nahi badugu. Atoian joatea ez da pentsa litekeen bezain atsegina. Horrek esan nahi du olatuen aurka ohikoa den baino abiadura handiagoan joatea, txalupa barnean kokoriko, barrura sartzen diren olatu adatsek blaituta, ontzi errari antzera. Baleak arpoiaren sokatik txalupari tiratzeak zuen epikarik gabe, ordea. Horrela heldu gara Miscoutik Prince Edward uharte handira. Tartean, Lennox Island, uharte handiaren barruan dagoen uharte txikietako bat ezagutzeko plazera izan dugu.

Lennox Island (I 46º 37’ 41’’ - M 63 52’ 22’’)

Sarrera bitxia izan da, harrigarria. Inork ez genuen horrelakorik ikusi: Itsasotik, hondar zuriko hondartza luzeak zabalera estuko berezko irekidura bat du, sarrera bat, uharte txikirantz. Barrura sartu gara eta, ezker-eskuin, itsas beherak azaleratutako hondargune bakanen eta padura berdeen artean goaz, sakonera eskaseko ur labirintoan barrena, itsas ur eta belar mosaiko fantasiazkoan. Itsasoak badaki ez zaiola zilegi arratsalde honetako edertasun hauskorra haustea eta olatutxo adats kizkur zuritxoak baino ez ditu bidaltzen, hondarguneetara jolastera. Labirintoetan dotorezia tentean pasiatuz, hegazti lepamehe eta hankaluzeak hara eta hona dabiltza, pauso jasoan, kontuz-kontuz, lepoa eta hankak mugimendu akonpasatuan. Atzerago, uhartearen ur ertzeraino iristen da pinudi baso itxia, tartean oraindik erortzera etsi ez duten zuhaitz enbor idor eta zuriak. Ez dago Renoirik ez Monetik itsasbehera hori asma lezakeenik.

Inguruan nagusi den lur gorriko bide batetik iritsi gara Lennox Islandera, Mikmak erreserbara. Iritsi garenean kaleko umeak izan dira topatu ditugun lehenak. Eta eltxoak, berehala gainera botatzen zaizkizun eltxo kamikaze tropelak. Herrixkan ez dago azpiegitura handirik, telefono publikorik, plazarik, asfaltorik... mikmaktarren museo txiki bat dute eta astean mikmakera ordu batzuk hartzen dituzten eskola bat ere. Bestela, denak ingelesez mintzo dira. Mikmaktarrek hamar mila urte baino gehiago daramatzate inguru hauetan bizitzen, eta gaur egun, garai batean bezala, arrantzatik bizi dira gehienbat, bai eta gobernutik jasotzen dituzten diru laguntzetatik ere. Herrixka honetan 400 lagun baino ez dira. Natur ingurunea, ordea, ikusgarria da, orain arte ezagutu dugun lekurik ederrenetarikoa. Ilunabarrean afaltzen eman digute eta gaztetxoek dantzak eta perkusio doinuekin emanaldi bat egin dute guretzat, oso polita. Gogoa genuen jadanik mikmaktarrekin batzeko, ezagutzeko... Eta herrixka txiro honetan, orain arte aurkitu ez genuen kultur aberastasunarekin egin dugu topo.

Akadiarrak, herri ibiltaria

Ingeles hiztunen probintzietara hurbiltzen ari bagara ere, jadanik Miscoun (I 48º 00’ 57’’ - M 64º 31’ 02’’), jendea akadiarra da, gehienak frantses hiztunak. Eta akadiarrek merezi dituzte lau hitz, bederen. Ez nuen inoiz haien berririk izan, Michel Bujold Prince Edwarden bere etxean hartu gaituen itsas arkeologian adituak eman dizkigu azalpenak. Michel Bujold San Juan galeoiaren berreskuratze lanetan ibili zen urpekari, Red Bayko badian. Beothuken amaren urpeko argazki ederrak erakutsi dizkigu.

Akadiak Lur ederra esan nahi du. XVII. mendean Frantziatik bizimodu hobe baten bila lur eder hauetara etorritako frantsesak dira akadiarren lehenengo belaunaldiak. Koroa ingelesak lur hauetaz jabetu nahi izan zuenean, akadiarren aurkako gudari ekin zion. Akadiarren aldeko bandoan ezarri ziren bertako amerindiarrak; eta ingelesenean, aldiz, beste europar herrialde batzuetako jendea. Akadia ingelesen koroaren menpe jauzteak frantsesaren eta erlijio katolikoaren zapalkuntza ekarri zuen. Frantziara eta beste lurralde batzuetara deportatuak izan ziren akadiar asko. Baina akadiarrak ehun eta berrogeita hamar urteren ondoren Frantziara itzuli zirenean, amak seme-alabak ukatu zituen, jada beranduegi zen etxera itzultzeko, jada beste herri bat ziren. Beste lur batzuetara sakabanatu zituzten, esaterako Quebecera edo Estatu Batuetako Loussianara, orduko frantses koloniara. Akadiar asko mikmak lurretan errefuxiatu ziren, aurretiko adiskidetasunaren harian.

1763an Pariseko ituna sinatu zen, bi aldeen arteko bakea, Frantziaren eta Ingeles gortearen artekoa. Akadiarrek eurek, ordea, ez zuten parterik izan itunean. Akadiarrak beren lurreetara itzuli zirenean, lurren jabe berriak ziren ingelesen morroi hasi behar izan zuten lanean. Itunak ez zien lurren jabetza itzultzen. Horrelako bake itunek ez dute zikiratutako kulturarik eta hizkuntzarik berpizten ere. Bigarren maila batean badaude ere, bere kultura sendo sustraitua duen herria da akadiarra. Herri ibiltari baten historia da, beraien lurraldeetan atseden hartzen duten antzaren atzetik bailihoaz.

Prince Edwarden Beothuk hiru egunez egon da North Rustico’s Harboureko (I 46º 27’ 30’’ ­ M 63º 17’ 32’’) portutxo txiki ederrean. Han Methilda Kncockwood-Snachek, mikmak kulturaren interpretaria den emakume alaiak, beren kulturako errito bat egin digu, guri eta txalupari, haize ona izan dezagun gure bidaian. Portutxoan,ilargiari egin dio otoitz, haren mendeko urari, arrano jainkoari... eta perkusio hotsen erritmora, haien bila doan mikmak kantu zahar bat aireratu du, denboran galdutako Belle Maria, euskal neskatxaren kantuaren bila doana, akadiarren kantu galduaren bila, bi mila eta seiko udararen lehen egunetan. -

WWW.ALBAOLA.COM


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Una reflexión más reposada
Jendartea
Mikmaktarrak, akadiarrak eta Belle Maria
Kirolak
Basso, Ullrich y Vinokourov, fuera tras el escándalo
Jendartea
Hamaikagarrenean, jaia jai
Mundua
Hamas resistirá al plan israelí de hundir a su Gobierno
Euskal Herria
Batasuna reitera que la clave de la resolución radica en Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss