Euskal jendartearen garaia
Floren Aoiz
Rodríguez Zapateroren iragarpenak animaleko oihartzuna izan du, ETArekiko elkarrizketei ofizialki hasiera eman baitie. PP eta eskuin muturreko besteendako Españaren akabera da, espainiar gobernuburuen traizioa. Beste anitzendako, berriz, biziki pozgarria da berria. Ene ustean, aro berri batean gaudela baieztatu du aipatu iragarpenak, gainontzeko beste datuek egin duten moduan. Ez dakigu nora eramanen gaituen une honek, baina euskaldunon hitza errespetatuko dela nori eta espainiar agintari bati aditzea ez da nolanahikoa. Egia da beste hainbat gauza esan zuela, Konstituzioa eta Alderdien Legea indarrean daudela eta izanen direla, adibidez, eta ez ditugu ahantzi behar. Nola bideratu daiteke euskaldunon borondatea espainiar konstituzioaren barruan? Nor dira aipatutako «euskaldunak», Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak soilik? Hauek eta beste galdera batzuk mahai gainean daude, baina ez dute egindako aldarrikapenaren garrantzia deuseztatzen. Eragileek beren proposamen eta estrategiak marrazten dituztelarik, oroitu beharra dago euskal jendartea dela prozesuaren protagonista nagusia. Auzia ez da une zehatzetan datorkion betebeharra, herri kontsultaren bidez. Herriaren parte hartzea ezin da horretan murgildu: hasieratik eta une guzietan erabakigarria izanen da. Euskal Herriaren etorkizuna Euskal Herriaren eskuetan izanen bada, euskal jendarteak, jadanik, inoren baimena itxoin beharrean, nagusitasuna eskuratu behar du. Negoziazioak eta itunak hagitz onuragarriak izanen dira, baina jendearen mobilizazioa ezinbestekoa da prozesua ongi burutzeko. Euskaldunok ez dugu espektadore izan nahi: denbora luzeegiz izan gara dagoeneko! Parte hartzea bideratzeko tresnak antolatzea da, ene ustean, euskal jendarteak duen erronka nagusietarik bat. Euskal Herriaren eskubideak eta interesak elkarrizketa eta negoziazioan ordezkatzen dituztenek gure babesa sentitu behar dute, gure mobilizazioa izanen baita beren indarra. Denok gaude, zeharka edo zuzenean, konponbide prozesuan, eta gure ahotsa entzunarazi beharko genuke. Ez da, beraz, ardurak guti batzuen eskuetan utzi eta «pelikula» kanpotik ikusteko garaia. Izan ere, «pelikula» gure inplikazioaren arabera joanen da. Teloia altxatu da, eta oraingo saioan denok gara aktore. Behingoz! -
|