GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-07-01
EA: «Ez dadila eror alderdien akordioak murrizteko tentaldian, Katalunian legez»
EAk positiboa deritzo Gobernu espainoleko agintariak egindako iragarpenari, gatazka politikoa konpontzen lagunduko duelakoan. Euskal herritarren hitza errespetatuko duela esan duela-eta, hori alderdien arteko elkarrizketa abiatu eta akordioak hartzeko ezinbesteko baldintza dela pentsatzen du, baina, Katalunian egin zuen bezala, akordio horiek murrizteko tentaldian ez dadila gero eror eskatu dio. Unai Ziarreta lege esparrua moldatzeaz ere aritu da.

BILBO

Bezperan Zapaterok egin iragarpena dela-eta, Eusko Alkartasunak prentsa adierazpen bat igorri zuen atzo, eta erakunde armatuarekin elkarrizketak lehenago abia zitezkeen arren, neurria gatazka politikoa gainditzeko baliagarria izan daitekeela adierazi zuen.

Gobernu espainolak euskal herritarrek era askean erabakitzen dutena errespetatzeko agertutako prestutasuna nabarmendu zuen batik bat Begoña Errazti buru duen alderdiak. Beren ustez, alderdien arteko eztabaida abiatu eta akordioak lortzeko, hori beharrezkoa baita. Nolanahi ere, akordio horiek murrizteko «Katalunian egin zuen bezala» Zapaterok «tentaldirik» ez izatea espero du EA alderdiak.

Osterantzean, pozez hartu zuten alderdien arteko akordioaren alde egin izana; EAk horren eta indarren arteko mahaiaren alde beti egin duela gogorarazi zuen. Alegia, «erakunde armatua behin betiko desagertzea bezalako kontu teknikoak» konpontzeko Gobernu espainolaren eta ETAren arteko elkarrizketa garrantzitsua bada ere, Euskal Herria normalizatzeko oinarriak alderdien arteko mahaiak ezarriko dituela adierazi zuen.

Elkargune horretara, lurraldetasun eta autodeterminazio eskubidearen alde joango ei da EA. Bestetik, salbuespenik gabe, biktimen aldeko begirunea ere eskatu zuen.

Lege esparrua

Adierazpen ofizialaz gain, alderdiko idazkari nagusi UnaiZiarretak Gasteizko Legebiltzarrean egin zituen adierazpenak. Bertan, beste auzi baten berri eman nahi izan zuen.

Hain zuzen ere, Zapaterok euskal herritarren erabakia errespetatzeko egin «apustua» nabarmendu zuen horrek, baina baita zera erantsi ere segidan: «Egungo lege esparrua ezin da inoiz jarri euskal herritarren borondatearen gainetik».

Beraz, Ziarretaren aburuz, lege esparrua da moldatu beharrekoa. «Borondate hori lege esparrua gainditu eta aldatzekoa bada, hala egin beharko da», esan zuen. Izan ere, EA-koak uste du egungo esparruak oztopatzen duela hemen normalizazio politikoaz hitz egitea. «Hemen normalizazio politi- koaz hitz egin behar bada, lege esparru hori erreformatzeaz hitz egiten hasi beharko dugu», ondorioztatu zuen.

Osterantzean, Zapateroren deklarazioa «albiste ona» izan dela esan zuen, «euskal gizarte osoak itxaroten zuena», nahiz eta Kongresura lehenago iritsi beharko litzatekeela erantsi.

Aralarrek, berriz, «erabat positiboa den aurrerapausotzat» jo zuen presidente espainolaren adierazpena, baina Patxi Zabaletak normalizazio prozesuaz egindako zenbait aipamen «eztabaidatu behar» direla gaineratu zuen. Alde horretatik, zehaztu zuenez, bakegintza prozesua Gobernu espainolari eta ETA erakundeari dagokie; normalizazioari dagokiona, aldiz, eragile politikoen esku utzi behar da.

Batzarrek «indar guztiekin» babestu du Gobernuaren eta ETAren arteko ekimena; arrakasta opa dio. Erakunde armatuaren eta Estatuko aparatuen eskubideen urraketa oro amai dezatela eskatu du.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Una reflexión más reposada
Jendartea
Mikmaktarrak, akadiarrak eta Belle Maria
Kirolak
Basso, Ullrich y Vinokourov, fuera tras el escándalo
Jendartea
Hamaikagarrenean, jaia jai
Mundua
Hamas resistirá al plan israelí de hundir a su Gobierno
Euskal Herria
Batasuna reitera que la clave de la resolución radica en Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss