DONOSTIA
Jules Renard (1864-1910) eleberriaren berritzaile gisa aurkeztu zuen Itziar Otegik. Obra landu baina urriko idazlea izan zen eta laburtasuna eta zehaztasuna izan ziren bere bi goiburuak. “Axenario” (“Poil de carotte”) eleberriko protagonista 15 bat urteko mutikoa da. «Renarden asmoa ama maitekorraren mitoa hautsi eta familiaren inguruko zenbait uste suntsitzea izan zen. Mutiko horri gurasoek ez diote kasurik egiten eta bakarka saiatuko da bere inguruko mundua ezagutzen. Renarden eleberrian haurra da biktima baina, aldi berean, haurrak dituen sen gaizto eta krudelak agerian jartzen ditu. Giro zaileko familia batean maitasuna bereganatzen saiatzen den mutiko baten istorioa da, beraz», esan zuen itzultzaileak.Eleberriko amaz ere mintzatu zen Itziar Otegi. «Emakumea etxeko girora mugatuta dago eta, bere baliabide bakarra inguruan dituenak manipulatzea denez gero, horixe egiten du. Biktima nagusia etxeko txikia da, mutikoa», esan zuen.
Eleberri osoa orainaldian idatzia dago eta, hain zuzen ere, orainaldian soilik idatzita egotea izan dela esan zuen itzultzaileak euskaratzeko orduan arazorik larriena.
Andreievi buruz mintzatuz hasi zen Josu Mirales, “Zazpi urkatuak” liburuaren itzultzailea. «Kontakizun labur asko idatzi zituen eta bilduma honetarako hiru aukeratu ditugu, bere garaian bakoitza bere aldetik argitaratuak. Andreiev ez da literatura errusiarreko beste zenbait autore klasiko bezain ezaguna gure artean, baina horrexegatik da interesgarriagoa liburu honen itzulpena, ezagutzera eman dezakeelako. Errusian izugarri ezaguna da idazlea», esan zuen Moralesek.
Andreievek gizakia gehien kezkatu duten gai sakonak tratatu zituela erantsi zuen, hala nola bakardadea, beldurra, heriotza, gaizkiaren eta ongiaren arteko borroka eta zorotasuna. Irakurleak hiru kontakizun hauetan gai horiek guztiak aurkituko dituela adierazi zuen Moralesek.
«Andreievi oso gutxi interesatzen zaio gertaera bera. Gertaeraren azpian dagoena interesatzen zaio. Muturreko egoera baten dauden pertsonak aukeratzen ditu eta egoera horretan pertsonak nola jokatzen duen, egoerak zer zalantza sortzen dizkion, bere izaera egoerak nola aldarazten duen agertzen du», jarraitu zuen itzultzaileak.
Lehen ipuinean, “Zazpi urkatuak” izenekoan, bost iraultzaile ministro baten hilketa prestatzen ari direla atzematen ditu Poliziak eta, heriotzara kondenatzen dituztelarik, beren baitan zer gertatzen den adierazten du idazleak. Bigarren kontakizunean iraultzaile baten ibilia kontatzen du eta prostituta bat izango da bere sinesmen guztiak zalantzan jarriko dizkiona. Eta hirugarrenean zoroetxe bateko bizitza kontatzen du. Moralesek errusieratik zuzenean itzultzen du. Andreieven ipuinon zati handi bat, hala ere, Tarazonako Itzultzaileen Etxean egin zuen eta errusieraz mintzatzen ziren bi kideren laguntza izan zuen zalantzak argitzeko orduan.