GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > zirikazan 2006-07-10
Josebe Egia
Arriskuak ez dauka jairik

Nire gurasoek beti edukitzen zituzten egunkari asko etxean zehar botata eta edozein motako informazioa eskura izaten nuen. Txikia izanik eta ikusminez betea, berri haiek irakurtzean sekulako istorioak sortzen nituen. Oso ondo gogoratzen dut hamaika edo hamabi urte nituela irakurritako berri batek nola eragin zidan.

Emakume batek, jasandako bortxaketa krudela kontatzen zuen. Egitateak ez ezik ondorengo sentimenduak ere, bizitza normala izatea eragozten ziotenak: inpotentzia, beldurra, nazka, lotsa, maitatzeko gaitasun eza...

Ni guztiz arduratuta geratu nintzen, irakurritakoarekin traumatizatuta, alegia. Nire pentsamendurik errepikatuena zera zen: mutilak neskak baino indartsuagoak dira, bizitza oso luzea da, ni oso txikia oraindik eta egunen batean izan naiteke gertaera hori jasango duen emakumeetariko bat, zergatik ez?

Neska izateagatik bakarrik tonbola makabro horren barnean nengoela sentitzen nuen, horrela ohartu nintzen emakumeok bakarrik daukagun Damoklesen ezpataz. Geroago, amets gaiztoak zirela eta, amarekin gaiaz luze aritu nintzen eta segurtasun sentsazioa bueltatzen hasi zen.

Baina sentimendu hura ez da inoiz guztiz desagertu, emakumeok inplizituki daramagun beldurrik handienetarikoa baita. Joan den asteko Loredana Andriescuren erahilketak, urrunago joan barik, emakume guztiongan sumina eta beldurra areagotzen ditu. Bortizkeria sexuala guregana zuzendua eta oso ohikoa delako, umiliazioaren bitartez makurrarazteko, kontrolatzeko eta kasu batzuetan, Basaurikoan bezala, bizitza ukatzeko. Emakumeak izaten gara biktimak, eta hori barnean daramagu. Egunero gertatzen delako, erraza delako. Horregatik, portaera batzuk ekiditen ditugu, zenbait egoeratan ezin gara eroso aurkitu, gure mugitzeko askatasuna mugatzen dugu...

Babesgabetasun sentsazio hori areagotu egiten da egoera jakin batzuetan. Jende ugari pilatzen den jaietan, esate baterako. Alkohola, drogak eta nahaste-borrastea, oro har, neurririk gabe ematen diren jaietan. Emakumeok gure arreta handitu beharrean aurkitzen gara, beti erne ibili behar dugu, arriskua antzematen jakiteko presioaz ateratzen gara, bakarrik mugitzea saihesten dugu... eta horrela, jaiaz guztiz gozatzeko eta askatasun osoz egiteko eskubidea ezin dugu gizonezkoek egiten duten bezala gauzatu. Gogoan dauzkagulako gure herrietako jaietan gertatu izan diren erasoak; adibidez, iazko San Ferminetako gertakariak, ixiltasun osoz eraman nahi izan zirenak existitu ez balira bezala. Jaietan halakorik gertatuko ez balitz bezala. Horrek izan behar al du jendarte heldu eta arduradun baten jarrera? Ezikusiarena egin eta arazoari hazten laga?

Emakumeok gure horretan utzi baino, jaietaz gehiago eta hobeto gozatu ahal izateko, lehen aipaturiko gertakari horien harira Tere Sáezek iaz kaleratu zituen proposamenak, besteak beste, exigitu eta ahalbidetu beharko genituzke, herri eta hiri guztietara hedatuz:

- Hiriko gunerik arriskutsuenak identifikatu eta neurriak jarri: argitasuna, zaintza berezia, gauez garraiobideak...

- Jaiak baino lehenago eta baita bitartean ere kanpainak bultzatu jokabide horiek gutxiesteko eta mezu argi bat uzteko, larrialdi telefono zenbaki batez lagundurik taberna eta jaigune guztietan.

- Norbere burua defendatzen ikasteko aurretiazko kurtsoen eskaintza.

- Eraso sexual eta tratu txarren aurrean espezializatua dagoen jendez osaturiko zerbitzua, bai larri- aldietan eta baita udal zaintzan ere.

- Koitoaren ondorengo pirularen bermea herritar ororentzat.

- Urtean zehar formazio-informazio-heziketa ikastaroak harremanek adostuak eta berdintasunean emandakoak izan behar dutela oinarritzat hartuz

Emakumeok senak gidatuta dugun berezko kontua aintzat harturik eta halako neurriak jaietan bereziki indartzeaz gain, gizonek eurek sarritan hartzen dituzten jarrerei buruzko hausnarketa bultzatzea funtsezkoa litzateke: ez dezatela segurutzat izan badakitela emakumea pentsatzen ari dena, harreman sexualak edukitzeari buruz emakumearen erabakia onar dezatela, beste gizonen zirikaden aurrean entzungor egin dezatela...

Jaietara atera baino askoz lehenago egin beharreko lana da, etengabeko heziketa eta informazio prozesua bizitzako esparru guztietatik jaso beharko litzatekeena, halako portaeren aurrean arbuioa mezu argia izan dadin. Jaietan ere, denok berdintasunean eta askatasunean gozatu ahal izateko. -

jegia@gara.net


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Los Miura fueron balas de casi 700 kilos
Mundua
Un avión con 201 ocupantes se estrella en el aeropuerto siberiano de Irkutsk
Kultura
Gau magiko bat Ahuzki mendian
Kirolak
Italia, mejores en situaciones difíciles
Euskal Herria
Gobierno español y ETA cerraron en febrero un acuerdo con compromisos y garantías
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss