GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Txokotik 2006-07-10
Mikel Aramendi
Profetak

Ekainaren 28az geroztik Gazako lurraldean jazotzen ari denaren aurrean nik behintzat sentitzen dudan ezintasun etsigarria (ez ikusia egin eta arreta beste edozertara bideratzea izango litzateke alternatiba bat; baina, ez dakit zergatik, nire kasko gogorrak ez dit hori ere ametitzen) sublimatzeko modua izan daiteke, agian, horren aurrekariak, sustraiak hausnartzen saiatzea. Prozesuen ulermenak haiek eragindako oinazearen bidegabekeria samurtuko balute bezala.

Kasualitatez, gaur edo hor nonbait beteko dira hamar urte Estatu Batuetako neokontserbadoreen hauta gailen batek sasoi hartan Israelgo lehen ministroa zen B. Netanyahu-ri “A Clean Break: A New Strategy for Securing the Realm” txosten hura aurkeztu zionetik. Gogorarazi beharrekoa baita, agian, Lurralde Okupatuetan egun bizi duten egoera lazgarriaren abiapuntua den «Jaregite unilaterala», Gazari dagokionean duela urtebete Sharonek gauzatu zuena, ez dela asmakizun israeldarra, estatubatuarra baizik. Estatubatuar arruntzat har bagenitzake txosten haren sinatzaileak: R. Perle, J. Colbert, C. Fairbanks, D. Feith, R. Loewenberg, J. Torop, D. eta M. Wurmser. Ez da nire zitalkeriaren zipriztina horien «estatubatuartasuna» zalantzan ipintzea: paleokontserbadore nahiz liberal, asko dira USAn bertan Perle eta antzekoak «estatubatuarrez mozorrotutako israeldarrak» direla deritzotenak.

Gutxienekoa da hori. Funtsezkoagoa da txosten huraxe izan dela, 98an sinatzaile bertsuek Clintoni helarazi zioten idatzi are ospetsuagoa baino zuzenkiago, Bush administrazioaren benetako «Bide Orria» Ekialde Ertainerako, azken bost urte hauetan behintzat. Eta han proposatzen ziren balentriak (Saddam botatzea, Lurralde Okupatuak unilateralki Israelek bereganatzea, eta abar.) direla indarrez ezartzen saiatzen ari direnak.

«Eten garbia», harrapazak! Eten, ez dakit ezer eten duten; buruhausteak eta jazargoak ez behintzat. Birrindu bai, makina bat gizaki birrindu dituzte. Eta «garbitasunaz» zer esango, Gaza egarriz menderatu nahi duteneanŠ

Hamar urte geroago, ez dakit txostena berrirakurtzeko gogorik ere izango duten profeta neokontserbadoreek. Saddamen eraispenaren ondorenerako aurreikusten zuten aisia estrategikoa ere ez baita, alafede, egungo Iraken pairatzen dutena. Bai zorro-tza arrano gerrazale hauen begia. -


Mikel Aramendi - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Los Miura fueron balas de casi 700 kilos
Mundua
Un avión con 201 ocupantes se estrella en el aeropuerto siberiano de Irkutsk
Kultura
Gau magiko bat Ahuzki mendian
Kirolak
Italia, mejores en situaciones difíciles
Euskal Herria
Gobierno español y ETA cerraron en febrero un acuerdo con compromisos y garantías
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss