Azpeitiko Karasusan etxe okupatua hustu du Ertzaintzak
AZPEITIA
Ertzainak Azpeitiko Karasusan etxe okupatua hustuarazi zuen larunbatean eta bertan zeuden bederatzi gazteak aterarazi zituen, banan-banan identifikatu ostean. Goizeko bederatziak inguruan azaldu zen Ertzaintza etxe okupatura epaile batek sinatutako agindua eskuan zutela.Iragan den astelehenean hartu zuten gazteek eraikineko lehen solairua, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko helburuarekin, eta, etxebizitza hogei urtez hutsik egon bada ere, astearterako jada han zituzten etxearen legezko jabea eta Ertzaintza. Gazteek azaldu zutenez, ertzainak bitan azaldu zaizkie etxe aurrean. Ostegunean Azpeitiko Udalbatzan izan zen gazte talde bat eta euren beharrak eta kezkak jasotzen dituen Gazte Manifestua banatu zieten Udal ordezkariei. Eztabaidarako eta elkarrizketarako bideak ireki zitezela eskatu zuten, baina azaldu zutenez, Udalak ez zuen akordiora iristeko asmorik erakutsi. Gauzak horrela, Azpeitiko gazteek etxebizitza eskubidea aldarrikatu eta Karasusanen hustea salatzeko manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako.
|