GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-10
Udalekuak, milaka gazteren urteroko ezinbesteko zita
Hainbat gaztek udako oporrak pasatzeko hautatzen duten aukera dira udalekuak. Milaka gaztetxok igarotzen dituzte udako egun batzuk Euskal Herriko hainbat txokotako kanpamentuetan. Aurten Bizkaiko Foru Aldundiak hogeita zortzi gune eskaini ditu 8 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat. Bertan, euren arteko harremanak lantzeaz gain, aisi eta kirol ekintza ugari landuko dituzte.

Udako klasiko nagusienetariko bat dira udalekuak. Bai gurasoek apuntatuta, bai gazteak euren borondatez joanda, milaka dira urtero Euskal Herriko kanpamentuetan egun batzuk igarotzen dituzten gazteak. Askorentzat urterik urtera huts egiten ez duen ezinbesteko zita bihurtu dira udalekuak.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2.560 plaza eskaini ditu aurten herrialdeko gazteek udako egun batzuk proposatutako kanpamentuetan igaro ditzaten. Udalekuetara joateko aukera gehien gaztetxoenek dute, 7 eta 13 urte bitartekoek, alegia. Izan ere, 1.590 haurrek 20 kanpamentu desberdinetara joateko aukera baitaukate. Umeen kurtso horiek euskaraz eta gaztelaniaz egiten dituzte. Foru Aldundiak, bestalde, 8 udalekutara joateko aukera eskaini die aurten hamalau eta hamazazpi urte bitarteko neska-mutilei. Uda Gaztea 2006 programaren barruan egin dute, eta 14 eta 15 urteko gazteek Amaiur, Bertiz, Urduña eta, berritasuna, Morgako kanpamentuak bisitatzen ari dira. Bestalde, 16-17 urtetakoek Bidarrai, Guara, Izaba eta Urdaibaiko kanpamentuetan egoteko aukera daukate. Gehienak euskaraz egiten dituzte, baina badira gaztelaniaz edota ingelesez egiten direnak ere.

Belen Greaves Kultura diputatuak adierazi duenez, «oso gustura» daude aurten Uda Gaztea kanpainak izan duen harrerarekin. Izan ere, 14 eta 17 urte bitarteko 1.500 gazteren eskaera jaso baitu Aldundiak. Horietatik erdiak soilik izango du kanpamentu horietako batera joateko aukera. Greavesen esanetan, adin piramideak eraginda 15 eta 17 urte bitartekoen eskaria jaitsi egin da, baina, aldiz, orain umeen eskaerak igo dira. Azkenik, Gazte Bidaiak programa dago, 18 eta 25 urte bitarteko jendeari Baviera, Britainia, Kroazia, Eskozia, Eslovenia, Euskal Herria, eta, aurtengo berritasun moduan, Flandria bisitatzeko aukera ematen ari dira. Hiru kanpaina horiek abuztuko lehen hamabostaldira arte dira.

Udalekuetako igaroaldiak bizitza osorako oroimenean geratu ohi dira. Gazteek denbora luzez gogoratzen dute kanpamentuetan bizi, ezagutu eta egindako gauzak. Udalekuak bisitatzen dituzten gazteek ez dute aspertzeko betarik izaten; izan ere, etengabe aisi eta kirolarekin zerikusia daukaten ekintzak egiten baitituzte. Udako kanpamentuetan, gainera, oso arrunta den beste gauzetako bat harremanen loraldia da. Udako esperientzian lagun berri ugari egiten baitira, eta sarritan kanpamentuetan dauden nerabe askok lehen musu edo maitasuna ezagutzen dute.

GARAk Urdaibain dagoen udalekura bertaratu nahi izan du. 15 eta 17 urte bitarteko gazteak daude. Nikolasek, udalekuetan dagoen gazteetako batek, zera adierazi du: «Esperientzia diferentea da, etxeko erosotasunetik kanpo, baina ez dugu aspertzeko aukerarik», gainera, kideen arteko giroa nabarmendu du: «Oso gustura nago, gure arteko harremana eta giroa oso ona baita». Urdaibain dauden Junek, Rakelek eta Patriciak ere antzeko hitzak erabili dituzte, euren egonaldiaren balorazioa «oso positibotzat» jotzen baitute. Hala ere, egonaldian izan dituzten arazo batzuk deskribatu dizkigute: «Jarduera batzuk, senderismoa, esaterako, neketsuak dira, lo egiteko lekua ere gogorra da, eta beste eguneko txingorraldia uretan jasan genuen, baina, oro har, gustura gaude».

Haiekin, pazientziaz beteta, monitoreak daude. Euretako batek, Arkaitz Erkiagak honakoa adierazi digu: «Adin hauetakoak nahiago ditut gaztetxoagoak baino, euren kabuz moldatzen dira, nahiz eta nerabetasunaren ohiko handikeriak izan». Erkiagak berak azaldu digunez, Urdaibaiko kanpamentuan egiten diren ohiko kirol eta aisialdi ekintzak mendi bizikletako ibilbideak, senderismoa eta body boarda dira. Horrekin batera, uretan kayak batekin murgiltzen dira, eta piraguismoan hasteko kurtsoa egingo dute. Ingurumenak asko laguntzen du jarduera horiek egiteko. Izan ere, Urdaibaiko udalekua leku pribilegiatuan dago. Gauzak horrela, kayaken Laidako hondartzatik egiten den ibilaldia egonaldi honetako punturik erakargarrienetakoa da. Ikusten den paisaiaren aberastasuna bikaina da, Urdaibaiko natura erreserba, Laidako hondartza, Mundaka eta Izaro uhartea ikus baitezake. -

BILBO


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Los Miura fueron balas de casi 700 kilos
Mundua
Un avión con 201 ocupantes se estrella en el aeropuerto siberiano de Irkutsk
Kultura
Gau magiko bat Ahuzki mendian
Kirolak
Italia, mejores en situaciones difíciles
Euskal Herria
Gobierno español y ETA cerraron en febrero un acuerdo con compromisos y garantías
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss