GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-10
GARA
Jaiaren xarmari erantzunez, 311 kazola
·Sukalki eguna Mungian

Ohiko giro ederrean ospatu zuten atzo Mungian Sukalki Eguna. San Pedroko jaiei amaiera jarri zien ekitaldian 311 kazola izan ziren, 317an duten errekorretik oso gertu, eta 5.000 lagun inguru kalkulatu zituzten Uriguenen parkean bildutakoak zenbatzeko orduan. Slow Food nazioarteko ekimena eta sukalkiaren historiaren berri eman zuten argazkiak, hitzorduaren berrikuntzen artean.

Usain gozoez inguratuta, Urigueneko parkeak milaka lagun hartu zituen atzo, tradizioak agintzen duen gastronomia txapaleketa horretan parte hartu, edota bertan sortzen den herri giroaz gozatzeko. Izan ere, hitzorduak 40. urteurrena bete zuen atzo, eta urtero asko dira bazkaltzera joan edota koadrilan eguna pasatzera bertaratzen direnak, lapikoak mimo handiz zaintzen dituzten beste horien ondoan.

Atzo 311 kazola dastatu behar izan zuen epaimahaiak, sukalkiak izandako errekorretik oso gertu, 317 kazolatan baitute. Nabarmendutako kazolen artean, lehenengo saria Trapagaraneko Trukiakek jaso zuen, bigarren saria Jantako izenpean aurkeztutako mungiarrei eman zieten, baita Mungiako kazola onenari egokitutako saria ere. Bermeoko Beti Lagunak, Algortako Burugutarrak, eta Mungiako Matxukarrak eta Mingorra Gorria saritutakoen zerrendan aipatutako lehenengo bien atzetik geratu ziren.

Jaia egiteko proposamena betikoa da, hala ere, badaude aldatzen doazen gauzak. Betiko txanoa jantzi beharrean, azken urteotan karpak ugaritu dira, eta atzo inoiz baino gehiago agertu ziren jai gunean, nahiz eta goiza lainotuta agertu.

Jose Angel Gabiola, antolatze lanetan ibili zen, eta GARAri azaldu zionez, «Sukalkiaren giro ona ez da berria», baina bai, ordea, atzo izan zen berotze prozesua. «Goizean lainotuta egon da eta haize freskoa ibili da, baina eguerditik aurrerako dargoriarekin, hemen egon den kea eta txakolinaren laguntzarekin, tenperatuta igotzen hasi da».

Sukalki egunak izan duen erantzuna zenbakitan jartzea zaila bada ere, Gabiolak 5.000 eta 6.000 arteko lagunak kalkulatu zituen Uriguenen.

Aspaldiko argazkiak

Mungia futbol taldearen antolakuntzapean izan zen sukalki egunak bestelako berrikuntza batzuk ekarri zituen atzo. Urigueneko parkean zenbait panel agertu ziren. Batzuek Slow Food izeneko nazioarteko ekimenaren berri eman zuten, Mungia buru belarri sartu baita bertoko produktuak bultzatu nahi dituen egitasmo horretan. Ekimen horretan jardun dutenen ustez, Mungiako Sukalki Eguna jaietako ekitaldi nagusia izateaz gain, slow food horren espirituarekin bat dator bete-betean.

Asmakizun berriez gain, aspaldiko sukalki haiek ere beren lekutxoa izan zuten atzoko hitzorduan. Lehenengo sukalkiaren irudiak eta ondorengoen beste hainbat argazki izan ziren ikusgai, bat baino gehiagoren melankolia pizteko, edota gazteenen irribarreak sortzeko.

Sukalkia belaunaldi ezberdinen arteko hitzordua da oraindik, eta horrek esan gura du urteek ez diotela xarmarik kendu, atzoko irudiak ikustea baino ez dago bizi izan zen giro ona baieztatzeko.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Los Miura fueron balas de casi 700 kilos
Mundua
Un avión con 201 ocupantes se estrella en el aeropuerto siberiano de Irkutsk
Kultura
Gau magiko bat Ahuzki mendian
Kirolak
Italia, mejores en situaciones difíciles
Euskal Herria
Gobierno español y ETA cerraron en febrero un acuerdo con compromisos y garantías
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss