Urritasunen bat duten langileen egoera salatu dute
·Lan Erreformak ohiko enplegurako bidea erraztu baino traba egiten diela dio LABek
Behin-behinekotasuna murriztu ez eta enpresaburuen mozkinak handitzeaz gain, Lan Erreforma berriak urritasunen bat duten langileei ere ez diela ezer onik ekarriko salatu zuen LABek. Hain zuzen ere, legeak kolektibo horren prekarietatea areagotuko duela nabarmendu du sindikatu abertzaleak.
DONOSTIA
Urritasun fisiko edo psikiko bat duten langileen kolektiboa ordezkatzen duten LABeko lagunek prentsaurrekoa eman zuten atzo Donostian jadanik indarrean dagoen Lan Erreforma berriak eragingo dizkien kalteak jakinarazteko. Lege berriak kolektibo horretako pertsonen prekarietatea handitu besterik ez duela egingo salatu zuen sindikatu abertzaleak, baita ohiko enplegurako bidea erraztu baino gehiago traba egingo duela nabarmendu ere.Gaur egungo datu batzuk ezagutarazi zituzten, urritasunen bat duten pertsonen egoera zein den hobeto azaltzeko. Hain zuzen ere, LABeko ordezkari Xabier Izagirrek eta Rosina Enzunzagak adierazitakoaren arabera, Hego Euskal Herrian urritasuna izanik lan egiteko adinean dauden emakumeen %80k eta gizonen %70ek ez dute ekoizten. «Gutxi gorabehera, lan egiten duten elbarrien %33 langabezian daude», nabarmendu zuen.
Egoera «negargarria» Beste datu kezkagarri baten berri eman zuten: ordaindutako lana egiten duten elbarrien %79,3 Enplegu Zentro Bereziek kontratatu dituzte, ez ohiko enpresek. «Begi-bistakoa da kolektibo honek benetako arazoak dituela lan-merkatuan txertatzeko: ez dagoela lan munduan benetakoak eta eraginkorrak izan daitezkeen neurririk txerta daitezen», erantsi zuten, eta egoera «negargarri» honetan lan erreformak prekarietatea besterik ez duela handituko berretsi zuten.
Enplegu Zentro Bereziei buruz, Izagirrek eta Enzunzagak esan zuten horien lehentasuna urritasunen bat duten pertsonak lanpostu arruntetan lan egiteko egonaldia ahalbidetzea izan beharko lukeela. Hori ez dela gertatzen salatu zuten, bertan «lanerako indar merke» gisa erabiltzen dituztelako.
|