DONOSTIA
Astelehenetik astearterako gauean udaletxe aurrean egin zuten lo Arrigorriagako gazteek, bertako gaztetxea hutsaraztea salatzeko asmoz. Atzo goizeko bederatzietan alkatearekin biltzekoak ziren. Duela urte batzuk Arrigorriagako kuartela zena okupatu berri zuen Arriagorriagako gazte asanbladak. Larunbat goizean sartzea erabaki zuten, Udalak lokal duin bat izateko aukera ukatu zielako.
Astelehenean 8.00etan agertu ziren poliziakideak gaztetxean. Ez zeukatenez haiek irtenarazteko agindurik, ateratzeko eskatu zietenean, eta ez zirela irtengo esan zuten gazteek.
Mailu batekin atea botatzen saiatu ziren orduan, baina ezin izan zuten. Azkenean, motozerrarekin ireki behar izan zuten. Barruan zegoen jendea aterarazi eta 8 pertsona identifikatu zituzten.
Gertatutakoaren ondoren, gazteak udaletxera joan ziren azalpen eske, baina herriko alkatea bertan ez zegoela esan zieten. Pankarta bat jarri zuten bertan eta, udaletxekoek berriz Ertzainari deitu ziotenez gero, kanpora irten behar izan zuten.
Gazteek, ordea, eskuak gurutzatuta gelditzeko asmorik ez, eta manifestaziora deitu zuten astelehen gaueko 20:00etarako. 120 pertsonak hartu zuten parte hutsaraztea salatzeko ekitaldian.
Ekintzak ez ziren hor bukatu. Udaletxean astearte goizeko bederatzietarako eman zieten alkatearekin hitzordua. Bitartean kalean zeudenez, udaletxeko atarian lo egitea erabaki zuten, gaztetxetik ateratako traste guztiekin batera.
Hutsaraztearen zain
Azken hilabeteotan Ganebarri gaztetxea noiz hustuko esperoan daude Sopelako eta Urdulizko Gazte Asanbladako gazteak, baina, dirudienez, oraingoan benetan itxiko dute gune autogestionatua.SUGAko kideek jakin ahal izan dutenez, hilabete honen 19a baino lehen gaztetxea hutsarazteko asmoa du Udalak. Gainera, operatiboa uztailaren 13an izan daitekeela uste dute, Larrabasterrako jaien hasierarekin batera.
Ganebarri gaztetxetik 72 ordutan irteteko agindua ekainaren 14 eta 20 bitartean jaso zuen SUGAko abokatuak, baita eraikinaren inguruan otsailean identifikatutako hiru gaztek ere. Hiru horiek epaitzen saiatu ziren orain hilabete batzuk, lokala dagoen etxea bereganatu zutelakoan.
Gaztetxe gabe gelditu bitartean gazteek lanean jarraitzeko asmoa dute. SUGAk, esaterako, ekimenak antolatzen jarraitzen du. Igandean Ikasle Abertzaleek Eskola Ibiltaria ekimena aurkeztu zuten eta atzo Lur Zati Planari buruzko hitzaldia izan zen 19.00etan.