GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-12
«Ez gutxiegi eta ez gehiegi, nutrienteak tamaina-tamainan hartu behar dira»
·Ondo jaten ikasteak eta dieta egokia jarraitzeak arazo asko ekiditen lagun dezake

Patologia anitzen oinarrian dago mantenugai zehatzen gabezia, maiz arazo horiek begi bistakoak egiten direnean atzematen dira, urte luzeetan garatzen diren prozesuak izanik ere. Baina gutxiegitasunak bezainbeste kaltetu dezake ugaritasunak. Hori nabarmendu dute egunotan Donostian egiten ari diren ikastaroetan. Konponbidea, osasuntsu jaten ikastea, eta, nola ez, elikagaiak eskura izatea.

DONOSTIA

Gutxiegi nahiz gehiegi hartzeak dakartza arazoak, nutrienteak tamainan hartu behar dira. Horixe atzo Donostiako Miramar jauregian «Transition from undernutrition to obesity in the XXI century» izenburupean egiten ari diren ikastaroan nabarmendutakoa.

Vienako Unibertsitatean elikagai zientzien irakasle den Ibrahim Elmadfak aditzera eman zuenez, asko dira malnutrizioak eragin ditzakeen ondorioak, baita oinarrian egon daitezkeen faktoreak ere. «Malnutrizioa etor daiteke elikagairik ez dugulako edota ditugunak anitzak ez direlako; baita pertsonen elikagai beharrak hazten direlako ere; edota osasun egoera kaskarragatik elikagaiak xurgatzeko zailtasunak ditugulako».

Urritasunen ondorioz patologia zehatzak agertzen dira eta «horiek azaltzen direnean erraza izaten da gabezia detektatzea», baina horren atzean urteetako prozesua egon ohi da. Erronka, Elmadfaren esanetan, elikagaien eskasiak lehenbailehen detektatzea da, eta «horretarako maiz teknika inbasiboak beharrezkoak dira».

Jardunaldi berean hizlari gisa aritu zen Osasunaren Munduko Erakundeko Francesco Branca. Azaldu zuenez, mantenugai anitzen gabeziak izaten dira. Urritasunik ohikoena burdinarena da; «batez ere haurdun dauden emakumeen artean eta bost urtez azpiko haurretan izaten da». Era berean, Europa guztian eragina duen beste urritasuna iodoarena da. Baina, aipatu biez gain badira beste urritasun batzuk talde eta leku zehatzetan eragina dutenak. «Adibidez, Europa iparraldeko hainbat estatutan Bitamina D eskasia izaten dute eguzkiaren argi faltagatik, gauza bera gertatzen zaie erabat estalita ibiltzen diren emakumeei», azaldu zuen.

Jarraitu beharreko dieten gainean, Brancak adinaren arabera bereizi behar direla nabarmendu zuen. «Sei hilabetera arteko haurrek bularra hartzea dute onena, babestuta egoten dira horrela; ondoren, eta bi urte bitartera arte, batez ere gatza eta azukrea zaindu behar dira gaixotasun kronikoak ekidite aldera, batez ere gizentasuna; helduen kasuan, berriz, dietak oinarrian landare jatorriko jakiek, zerealek eta frutek osatu behar dute. Tamainan hartu behar dira haragia, arraina eta esnekiak», azaldu zuen, egun azken horiek jateko joera handiegia dagoela gaineratzearekin batera.

Dieta zehatzak ezartzerakoan lagungarri izaten dira, Almadfak aditzera eman zuenez, gutxieneko elikagai kopuruak zehazten dituzten zerrendak. Alde horretarik, Europako Batzordeak 1991n egin eta egun indarrean dagoena ardatz hartu zuen eta gabeziak dituela gaineratu zuen. Haren esanetan, ezartzen dituen gutxiengoak baxuak dira. «Jasotzen diren gomendioek behar fisiologikoei soilik erreparatzen die, eta prebentzio beharrei ere erantzun beharko lieteke».

Aberastutako produktuak

Urritasunaz mintzatu bazen ere, egun gabeziak bezainbat arazo gehiegizko nutrienteek sortzen dutela adierazi zuen. Tamaina-tamainan hartu beharrekoak baitira elikagaiak. Hala, Elmadfa irakasleak betakaroteko gehiegi hartuz gero, azalak, batez ere eskuek, hartzen duten kolore horixka gogorarazi zuen, eta zera gaineratu zuen: «Azken batean intoxikazio bat da».

Aberastutako produktuen gainean ere jardun zuen Elmadfak. «Janari enpresek erabiltzen duten metodoa da, uste baitute modu horretan produktuaren irudia hobetzen dutela, baina ez dira beharrezkoak», azaldu zuen. Haren esanetan, hezkuntzan egin behar da lana «gizarteak elikadura osasuntsua izan dezan».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Continúa el despropósito
Mundua
Siete bombas en hora punta causan al menos 163 muertos
Kirolak
Despedida sorpresa de Guerrero entre lágrimas
Euskal Herria
Etxerat: «Prozesua benetan blindatzeko PSOEk presoak hona ekarri behar ditu»
Kultura
Concierto sin mar de fondo
Euskal Herria
Garzón detiene al director del Grupo Noticias y a un ex preso de Zumaia
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss