- Naf. Txapelketak
Patxi Larretxea urteko bigarren txapela lortzeko bidean da
DONOSTIA
Iruñeko San Fermin jaiek aurrera jarraitzen dute, baita Foruen Enparantzan egiten diren herri kirol jaialdiek ere. Gaur, herrialdeko lau txapel banatuko dira. Batetik, gizonezkoen eta emakumezkoen txinga lehiaketak izango dira. Horiek atzo ziren izatekoak, baina gaurkorako aldatu zituzten, parte hartzaile gehiago erakarri nahian; izan ere, bai mutiletan, baita nesketan ere, bi parte hartzailek besterik ez baitzuten izena eman.Mutiletan, Patxi Larretxea eta Xabier Igoa ziren izena emandakoak. Arantzako kirolari beteranoa aurtengo bigarren txapela lortzeko asmotan plazaratuko da. Joan den larunbatean harri-jasotzaileena bereganatu zuen, eta gaur txingekin gauza bera egin nahiko du. Esku bakoitzean 50 kiloko txingak erabili beharko dituzte. Nesketan, Esther Iriarte eta Maika Ariztegi zeuden izena emanda, eta horiek 25 kiloko txingak erabiliko dituzte esku bakoitzean. Bai mutiletan, baita nesketan ere, txingak eskuetan dituztela ahalik eta metro gehien egitera joango dira.
Nafarroan, 3. mailakoa
Baina, lehiaketa ofizialak ez dira hor bukatuko, Nafarroako Hirugarren Mailako aizkolarien finala ere jokatuko baitute. Bost aizkolari neurtuko dira nor baino nor lehiaketa honetan. Honako hauek izango dira parte hartuko dutenak: Iker Gorriti, Ibai Gorriti, Anjel Eraso, Julen Kañamares eta Jon Iriarte. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 45 ontzako moztu beharko ditu.Aizkolari horiek guztiak ere gazteak dira, eta ia denak ezezagunak zaleentzako. Agian ezagunena Ibai Gorriti izango da, bera aurten Urrezko Aizkoran ere aritutakoa baita. Bere anaia Iker ere izango da gaur. Hori harri jasotzen aritu da, baina orain aizkoran dabil. Azkenik, herrialdeko ingude-altxatzeko finala ere jokatuko dute gaur Foruen Enparantzan. Xabier Sein, Carlos Sein, Josetxo Urrutia eta Martin Pikabea neurtuko dira Nafarroako txapela janzteko asmotan. Kirolari bakoitzak minutu eta erdian 18 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldirik gehien eman beharko dizkio.
|