DONOSTIA
Asier Abal Gastonek “Alta cocina de andar por
casa” bere lehen lana aurkeztu zuen Donostiako Illarra jatetxean. Ttarttalo
argitaletxearekin ateratako errezeta bilduman edozein gonbidatu harritzeko
moduko jakiak nola prestatu erakusten da.
Donostiako Illarra jatetxeko sukaldariak zera adierazi
zuen: «Oso liburu erraza da, eta batez ere sukaldatzen dakien jendeari dago
zuzendua». Abalek profesionalei ere zuzendu nahi die liburu hori, bertatik
ideiak hartzeko baliagarri izango zaielakoan.
Bestalde, oso lan pertsonala dela nabarmendu nahi zuen:
«Ikuspegi oso pertsonaletik egindako lana da. Errezeta guztiak nireak dira.
Azken urte hauetan lanean egon naizen sukaldeetan sortutako ideietan
oinarritutako bilduma da. Maitasun osoa jarri diot».
Goi sukaldaritzako platerak egiteak zerbait konplikatua
dirudi, baina bere bildumaren «erraztasuna» nabarmendu zuen hernaniarrak: «Gure
helburuetako bat etxeko jendeari sukaldaritzako teknikak ahalik eta modurik
errazenean gerturatzea izan da. Azken finean, goi sukaldaritzak gauza asko
hartzen ditu barne; sukaldariaren ikuspegia, otorduaren izaera, sukaldaritza
teknikak... Gauza horiek guztiak gerturatu nahi izan dizkiogu etxeko jendeari.
Goi sukaldaritza etxean egiteko aukera eman nahi dugu liburu honekin».
Sukaldariek erabili ohi duten tresneriaz ere hitz egin
zuen Abalek: «Gutxi gorabehera beharrezkoa izango litzatekeen tresneria izendatu
dugu. Egia da etxean errezeta batzuk egiteko beharrezkoa litzatekeela tresneria
profesionala esku artean izatea. Baina ez dago erabili beharreko tresneria oso
garestia edo eskuraezina duen errezetarik. Edozein etxeko sukaldarik eskuratzeko
modukoa da. Etxean egin ezin daitekeena automatikoki alde batera utzi dugu».
Asier Abal Martin Berasategi gastronomia lehiaketako garaile izan da aurten.
Lehiaketa berean bi sari jaso zituen; errezetarik onenari saria, eta errezeta
berritzaile onenari saria. Nolanahi ere, liburua argitaratzea aurreikusi gabeko
egitasmoa izan zela adierazi zuen: «Ustekabez betetako urtea izan da. Gauza
guztiak beren kabuz sortzen joan dira. Idoia Arozenak jatetxera deitu zuen
nirekin hitz egiteko. Menuren bat prestatzeko eskatuko zidala uste nuen, baina
liburua idazteko proposamena egin zidan. Aurten hasi gara liburua idazten, eta
urte berean kaleratu dugu».
Idoia Arozena editoreak eta Mikel Corcuera gastronomia
kritikoak lagunduta egin zuen aurkezpena hernaniar gazteak. Arozenak adierazi
zuenez, jende askoren beharrak asetzeko helburuarekin ateratako liburua da:
«Etxean gonbidatuentzat otordu bat prestatu behar dugunean, zerbait berezia,
tentagarria, ezberdina prestatzea gustatzen zaigu. Liburu asko oso zailak izaten
dira, baina bilduma honek oso modu errazean jaki bereziak egiteko aukera ematen
du».
Mikel Corcuera gastronomia kritikoak gaur egungo
sukaldaritzaren «mugikortasuna» nabarmendu nahi izan zuen: «Gaur egungo
sukaldaritza inoiz baino irekiagoa da, dinamikoagoa. Garai batean sukaldari
zenak milaka errezeta ezagutu behar zituen, eta guztiak ziren bezala egitera
behartzen zuten. Egoera hori asko aldatu da. Liburu honekin, sukaldaritzarik
preziatuena, landuena, etxeko sukaldera hurbildu nahi izan da». Sukaldariaren
«lehiakortasun positiboa» nabarmendu zuen.