Rabih ABOU-KHALIL | Musikaria
«Guztiok jazz musikan sailkatzen gaituzte; alta, dena ez da jazza»
Rabih Abou-Khalil Europako jazz mundua gehien ukitu
duen musikaria da. Ekialdeko musikan oinarritua, modernitatea eta tradizioa
elkartzen ditu konposizioetan. Oud Arabiako musika tresnaz lagunduta, jazz
inprobisazioak eta Ekialdeko doinu ezezagunak batzea lortu du, baita bere estilo
propioa sortu ere. Gaur, arratseko hamar eta erdietan Baionako jazz jaialdian
izanen da. Aurretik Renaud Garcia Fons eta Antonio Ruiz Kiko arituko dira.
Sortzez Libanokoa zara. Berez herri hori kulturen arteko bidegurutzea izan da beti. Zure musikan nahasketa hori nabari da....
Bistan da. Baina, ez bakarrik hori. Nire bizitza emozionalean agertzen diren sentimendu guztiek eragina daukate nire bizitza artistikoan. Ez naiz arabiar kulturaren misiolaria. Ez dut kultura arabiarra lantzen ezagutarazi nahi dudalako, baizik eta nire izaerarekin bat egiten duelako. Nire barnetik ateratzen denaren emaitza da. Ez dago horretan nire partetik nazionalismorik, ezta kalkulurik ere.
Esaten duzu arabiar kulturan oinarritzea ez dela zuretzako helburu bat, alta, zure musiketan instrumentu bat da nagusi, Oud delakoa. Hori berez arabiar musika tresna tradizionala da...
Zure bidea hautatzea bezala da. Nire izaerarekin bat egiten duen zerbait dela iruditzen zait. Oud instrumentu bat baizik ez da niretzako, eta horrekin ditut barne sentimenduak adierazten. Sentimendu horiek ezingo nituzke beste musika tresna batekin azaldu.
Jazz musikan sailkatua zaude...
Ez zait iruditzen jazz musikaria naizenik. Beti hor sailkatzen naute. Asko gustatzen zait jazza. Ageri da beti jazzaren definizio bat ematen saiatzen direla, eta horren arabera sailkatzen gaituztela. Egia esan, jazza gaur egun guztiari irekia den musika gisa ikusia da. Nik egiten dudana ez da jazza. Argi da jazzaren definizio zehatz bat soilik dela.
Non sailkatuko zinateke zu?
Gutxituen musika egiten dudala iruditzen zait. Jazza adituagoa da, entzuteko orduan zailago egiten da. Nire musika herrikoa da, eta herrian entzuten den musikari lotua dago. Herriko musika da berez. Nire musika ez nuke sailkatuko, ez baitut beste horrelakorik ezagutzen. Nire eguneroko bizitzan heldu zaizkidan elementuekin egiten dut lana.
Berez, jazza Afrikaren eta Mendebaldearen arteko kulturen nahasketa da. Uste al duzu Ekialdeko musikak eragina izan dezakeela musika mota horretan?
Jazzak eta musikak, oro har, ahalmen nagusia daukate, hau da, beti izan daiteke bilakaera bat. Nahasketak etengabe egiten dira. Jazza Afrikaren eta Mendebaldeko doinuen arteko nahasketa da, baina badago jazz latinoa ere, eta beste hainbat mota. Etengabe aldatzen den musika da jazza, eta arrazoi horregatik influentzia askotarikoak izan ditzake.
Berrikitan zure biografia bat irakurri dut, eta bertan musikaren ikerlari zientifiko gisa definitzen zaitu idazleak. Zer esan nahi du horrek?
Hori idatzi duena ez dute kartzelan sartu oraindik! Musika asko gustatzen zaizkit, eta mota guztietako doinuak entzuten ditut. Gainera, beste musikari askorekin elkartzen naiz. Ni guztiek uler dezaketen musika egiten saiatzen naiz. Niretzako garrantzitsua da musikari batek doinu berriak entzutea, eta horiek bideratu nahi dituzten sentimenduak ulertzen saiatzea. Japonian musika bat entzuten dutelarik negarrez hasiko dira, munduko beste punta batean erritmo berberak entzuterakoan ez dute jarrera berbera izango. Herrialde bakoitzean sortzen diren sentimendu aldakor horiek naute interesatzen. Musika bakoitzak adierazten duen sentsualitatea eta emozioa atzematen saiatzea naiz.-Libanokoa zara sortzez, baina, Suitzan bizi
zara... Ez, Alemanian. Baina sobera hotz egiten du. Estatu frantsesera bizitzera joanen naiz.
Berotasun horren bila heldu zara Euskal Herrira...
Berez agentziak jarri dit kontzertu hori, hasieran ez nekien nora joango nintzen. Baina, jadanik gertatu zait Euskal Herrira joatea, eta beti gustura heldu naiz.
Lotura zerbait sentitzen duzu EuskalHerriarekin... EuskalHerrira joan naizelarik beti iruditu zait
kultura atxikiarazten saiatzen den herri baten aitzinean nengoela. Europako
kultura zaharrenetarikoa da. Zaila da gaurko egunean horrelako zerbait
atxikitzea. Baina, jarrera hori oso azkarra ikusten dut.
Gaur Baionan izango zara zure bost musikariekin. Zer nolako emanaldia izango da?
Nire konposizioak azalduko ditut. Inprobisazioa landuko dut, bistan da, baina, gehienik nire musika entzungo da, guztientzako egina den musika. -
|