Andoaingo zahar etxean 46 egun daramate greban
·Langileek manifestazioa egin zuten atzo jasaten duten diskriminazioa salatzeko
Maiatzaren 30az geroztik greban dauden zahar etxeko langileek manifestazioa egin zuten atzo. Andoain Zerbitzuak azpikontratetako langileek udal langileekin alderatuta jasaten duten soldata diskriminazioa salatu zuten. Hain zuzen, 625 euro gutxiago irabazten dute hilabetero.
ANDOAIN
Andoain Zerbitzuak erakundeak kudeatzen duen zaharren egoitzako langileek manifestazioa egin zuten atzo herriko kaleetan zehar. Udalaren azpikontratako langile horiek greba mugagabean daude joan den maiatzaren 30az geroztik. Manifestazioa Bastero kulturgunetik abiatu zen eguerdian, “kalitatezko zerbitzua. Equiparación=solución” leloarekin.
Grebalariek negoziazio mahaia aldarrikatu zuten, baita jasaten duten diskriminazioa salatu ere. «Kontratako langile batek hilero 1.112 euro irabazten ditu. Aldamenean lan egiten duen kategoria bereko udal langile batek, berriz, 1.737 euro. Kontratako langileek hilero 625 euro eta urtean ia 9.000 euro gutxiago irabazten dute», azaldu zuten.
Era berean, kalitatezko zerbitzua eskatu zuten. «Egoiliarrek gaur egun eskaintzen zaien arreta baino hobea merezi dute. Pertsonala handitu beharra dago», gaineratu zuten 46 egun greban daramaten langileek.
|