Karmen jaiak Markina-Xemeinen
«Ohore handia da Markinako jaietako pregoia irakurri ahal izatea»
Artibai Mendigoizale Elkarteak, Alpino izenarekin ezaguna denak, 60 urte bete ditu. Urteurrena dela-eta, Markinako jaietako pregoia irakurtzea egokitu zaio. Javier Arratek ere, elkarteko zuzendaritzako kideak, 60 urte bete ditu aurten, eta berea izan da Karmen jaietako pregoia botatzeko ardura.
Artibai Mendigoizale Elkarteak 60 urte bete ditu aurten; zer suposatzen du elkartearentzat, ez da zifra makala, ezta?
Markina bezalako herri txiki batean kirola eta kultura lantzen dituen erakunde batek 60 urtez funtzionatzea oso gauza garrantzitsua da. Herriko talderik zaharrena gara. Hor daude oraindik sortzaileetako batzuk ere, bizirik daudenak, eta orain gu gaude taldea eramaten. Hala ere, sortzaileetatik guregana heldu arte hainbat pertsona pasatu dira eta, gainera, taldean umeak eta gazteak ere badaude. Alpino denbora luzerako edukiko dugu.
Eta pregoia irakurtzeak zer suposatzen du zuretzat?
Udaletxekoek esan zigutenean ilusioa egin zigun, ohore handia baita Karmen jaietako pregoia botatzea. Pregoia nik botatzearen arrazoia? Ni zuzendaritza barruan nago eta aurten 60 urte egingo ditut, elkarteak bezala, eta orduan pregoia bota behar genuela planteatu zigutenean, ni egokiena nintzela esan zidaten. Bestalde, elkarteko sortzaileetako batek, Javier Ormaetxeak, txupinazoa jaurti du.
Zeintzuk izan dira pregoiaren nondik norakoak?
Pregoia oso laburra eta sinplea izan da, bestela jendea aspertu egiten delako. Alpinori buruz hitz pare bat esan dut, baina Markinan elkarteari buruz berba egiterik ez dago, jende guztiak ezagutzen baitu. Aurten 60 urte betetzen ditugulako pregoia botatzea tokatu zaigula esan dut, jendeari jai on, umoretsu eta formalak opatzea eta, ahaztu barik, Markinan egon ezin diren herritarrak gogoratu ditut.
Bestalde, jaien barruan jarduera bereziren bat egitea prestatuta daukazue? Ez. Guk, Alpinoren barruan, ez daukagu
jaietarako ezer prestatuta. Jaietan ez dugu ezer antolatu talde bezala, ekintza
ezberdinetan parte hartzen dugu, baina maila pertsonalean beti. -
|