Mobilizazioak Antton Tolosaren oroimenez eta presoen alde
DONOSTIA. Orain 23 urte hil zen Antton Tolosa ETAko militantea gogoratu zuten, ostegunean, Donostiako Alde Zaharretik hasi eta Urgull mendira egindako manifestazioan. Ehun lagun inguruk hartu zuten parte Ertzaintzak oztopatu nahi izan zuen ekitaldian. Bestalde, Etxerat-en deiari erantzunez, preso politikoen eskubideen defentsan mobilizazio ugari izan ziren atzo. Lizarran 37 lagun elkarretaratu ziren, Gatikan 10, Berrizen 20, Lezon 35, Deban 45, Bergaran 50, Gasteizen 320, Etxarri-Aranatzen 60, Tafallan 35, Donostian 190, Getarian 35, Iruñean 320, Aulestibn 43, Mundakan 22 eta Zornotzan 90.
Deba atzean utzi ostean, Ondarroan amaituko da gaur Eskola Ibiltaria
DEBA. Herenegungo gaua Zumaian igaro eta gero, Debara iritsi zen Eskola Ibiltaria atzo arratsaldean. Goizean, Zumaiako kostaldea zeharkatu bitartean, geologiaren inguruko hitzaldia izan zuten; hain zuzen ere, flysch fenomeno naturalaren gainekoa izan zen mintzaldia. Eguna joan ahala lagun gehiago gehitu zitzaizkion Eskola Ibiltariari, eta dagoeneko60tik gora dira Ondarroara bidean. Izan ere, atzo, eguna Deban igaro ostean bateletan ibili ziren, eta zentral nuklearren inguruko beste solasaldi bat izan zuten, Ondarroa bidera ekin baitiote gaur goizean. Gaur amaituko da, bertan, 2006ko Eskola Ibiltaria.
Euskara, katalana eta galegoa indartzeko lan-taldea eratu dute
DONOSTIA. Lakuako Gobernuko, Generalitat katalaneko eta Galiziako Xuntako Hizkuntza Politika sailburuordeek lan-taldea eratu berri dute Estatu espainolean euskararen, katalanaren eta galegoaren normalkuntza bidean aurrerapausoak egiteko. Hizkuntzon «berdintasunezko errekonozimendu osoa» lortzeko osatu berri duten lan-taldea hiru urterako izango dela aurreratu zuten Donostian atzo egindako aurkezpenean. Terminologia, aipa hizkuntzak babesteko neurriak, alor sozio-ekonomikoan eragitea eta adin nagusiko herritarrei hizkuntzok irakastea izango dira lan-taldeak lehentasunez jorratuko dituen atalak.
Grenetek Bateraren sinadura-orria kenarazi du udal aldizkaritik
BAIONA. Jean Greneten aginduz, udal aldizkarian oposizioari erreserbaturiko orrietatik bat baino gehiago zuriz argitaratu dira uztaila-abuztuko alean. Bertan, oposizioko talde guztiek Euskal Departamenduaren sorreraz herri-kontsulta egiteko Bateraren kanpainari atxikimendua erakusten zioten eta sinadura emateko dei egiten zieten baionarrei. Auzapezak, ordea, aldizkaria informatzeko dela esan du eta ez du sinadura biltzeko txartela argitaratzen utzi. Oposizioko hiru taldeek «zentsuratu» egin dituztela uste dute eta Grenetek jauntxokeriaz jokatu duela diote. Administrazio auzitegietara jotzea aztertzen ari dira.
|