MTZ. IRUJO - LASA III 22
TITIN III - PASCUAL
13
Pilotakadak: 354. Iraupena: 48’. Jokoaren iraupena: 16’.
Markagailua: 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3, 8-3, 8-5, 11-5, 11-7, 14-7, 14-11,
19-11, 19-13, 22-13. Sakez: 3 eta falta bat Martinez de Irujok eta 1 Titin
III.ak. Tantos: 17 Martinez de Irujok, 1 Lasa III.ak, 6 Titin III.ak eta 3
Pascualek. Galdutakoak: 3 Martinez de Irujok, 1 Lasa III.ak eta 4 Titin III.ak.
Gorabeherak: Sarrera polita Iruñeko Labriten.
Unai ARTETXE
DONOSTIA
Azkenaldian ez da Irujori aurre egin diezaiokeenik. Maiatzetik hona hamaika neurketa jokatu ditu, eta bederatzitan hogeita bira iritsi da, tartean Olaizola II.aren aurka jokatutako Buruz Buruko eta sanferminetako Lau eta Erdiko finalak. Iberoko aurrelaria sasoi bikainean dago, konfiantzaz beterik, eta horrela dagoenean itxuraz ezinezkoa da haren aurkariek garaipena lortzea.
Ostegun gauean urteko bere laugarren finala jokatu zuen Aspeko izar nagusiak, eta aurreko beste hiruretan bezalaxe, garaipenerako bidea ondo ezagutzen duela erakutsi zuen. Izan ere, 2006an orain arte jokatutako lau txapelketa ofizialetako final guztietan izan da nafarra, eta guztietan jantzi du txapela.
Herenegun gauean Eibarko enpresak antolatutako sanferminetako binakako finalean aritu zen, Oskar Lasa atzelari zuela, eta 22-13 hartu zituen mendean Titin III.a eta Pascual.
Neurketako aurreneko tantoetan parekotasuna izan zen nagusi bikote bien artean, baina hortik aurrera gorriak erraz nagusitu ziren. Aurreko koadroetan Irujok Titin III.a erabat erotu zuen. Iberoarrak era guztietakoak lortu zituen bost airez, hiru sakez, bina zabalean, moztuz eta dejadaz, eta bana atzean, buruz gain eta hormabikoz, hamazazpi guztira. Errioxarrak kintzea lortu behar zuela zirudienean ere, artista nafarrak tanto urdina izan behar zuena gorri bihurtzen zuen, eta Titin III.a guztiz desesperatu zuen. Triciokoa ez zen gaizki aritu, baina ezin izan zien Irujoren erasoko jokaldiei erantzun.
Atzean, Lasa III.ak eta Pascualek ez zuten gauza handiegirik egiterik izan. Izan ere, partida ia guztia aurrean jokatu zuten Irujok eta Titin III.ak. Aurrelari gorriak, adibidez, 121 pilotakada jo zituen, bere bikotekideak jotakoen bikoitza Lasa III.ak 60 jo zituen.
Atzelariek, hala ere, ondo bete zuten beren eginbeharra, eta tanto batzuk egiteko aukera ere izan zuten. Lasa III.ak, esate baterako, atzera jotako pilotakada batekin lortu zuen bere kintze bakarra. Pascualek, aldiz, hiru lortu zituen, guztiak atzean. Abartzutzakoak pilotakada latzak eman zituen, baina beste batzuetan ezin izan zion Irujori airea kendu, eta hor izan zituzten komeriak.