GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-07-30
Kirmen Uribe - Idazlea
Hiru aireplano

Itziarko poligonoan lanean diharduten bi behargin izan ziren konturatu ziren lehenak. Atseden une labur batean, zigarroa erretzera kanpora atera eta hegazkin txiki bat sutan ikusi omen zuten. Lastur aldera ikusi zuten erortzen eta suak hartzen. Ezin izan zuten ezer egin hegazkinean zihoan gizonarengatik. Berrogei urteko enpresari portugaldarra zen bera, gutxi lehenago Hondarribiko aireportutik atera zena Oportorako bidean.

Itziarko pasarteak «Hiru aireplano» kanta ezaguna ekarri dit gogora. «Hiru aireplano pasata, bat itsasora jausi», dio kanta zaharrak. Eta jarraian kontatzen du nola duela ehun urte inguru hiru aireplanotatik bat jausi eta nola joan ziren arrantzaleak aireplanoa zegoen tokira. Eta ekarri ere ekarri zutela portura, atoian lotuta. Kantaren gauzarik bitxiena, baina, aldaeretan datza. Kanta oso ezaguna da kostalde osoan eta herri bakoitzean modu batera kantatzen da. Esan nahi baita, Bermeoko aldaeran esaten da bermeotarrak izan zirela portura ekarri zutenak, Lekeitiokoan lekeitiarrak eta Mutrikukoan mutrikuarrak. Atera kontuak, hegazkina atoian ekarri zuen txaluparen izena ere aldatuz doa aldaeren arabera. Batean «Siberiano» bada, bestean «Anjelita» da baforaren izena. Baina ez naiz orain hasiko hemengoei edo harutzagokoei arrazoia ematen. Ez dut argituko non gertatu zen zehatz-mehatz istripu hura. Hori historiazaleen lana da. Niri, gainera, ez dit axola. Nik gustuko dut ikustea nola herri bakoitzak bere egiten duen kanta, haiek izan ala ez izan benetan heroiak. Gustuko ditut gezur txikiak. Ezohiko kontu bat ekartzen zuten kantara besterik gabe, gertaera erakargarri bat. Izan ere, letrari kasu eginez gero, badirudi jende asko hurreratzen zela ondoko herrietatik aireplanoa ikustera.

Enpresari portugaldarraren istripuaren egun berean beste portugaldar bat hil zen Itziartik ez oso urrun. Bilbon hil zen, Abandoibarra berrian eraikuntzan lanean ari zelarik. Hamabigarren pisutik erori zen, igogailuaren zulotik. Bata oporretan, bestea lanean. Aireplanoaren eroria deigarria egin zaigu gaur egun ere, ezohikoa izaten jarraitzen duelako. Tamalez, beste portugaldar horren ezbeharra arruntagoa da.

Kanta zaharraren bukaeran lelo hauxe dator: «Egixe da, egixe da, neuk ikusi dudalako». Herri bakoitzeko jendeak esaten du hori, egia dela bere herrian gertatu zela aireplanoarena. Ikusi dutelako. Baina batzuk gezurra diote. Neuk ere nahiko nuke sinetsi lanean segurtasun neurriak egoki hartzen direla beti. -


Kirmen Uribe - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Etxerat exige la «operación retorno» para los represaliados
Kultura
«La navarra caribeña»
Ekonomia
«El fracaso de la Ronda de Doha es una gran victoria para el movimiento social»
Kirolak
Gatlin reconoce haber dado positivo con testosterona
Mundua
Israel rechaza la tregua humanitaria de tres días pedida por la ONU
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss