Ireki dituzte AralArte erakusketa bereziaren bigarren agertokiko ateak. Juan Gorritik errana da «munduko galeriarik handiena» dela, ez alor ezberdinetako 43 artista euskaldunen elkarlanaren emaitza delako soilik, baita bi udalerri artearen bidez lotzen dituelako ere. Lekunberriko Mitsausenekoaren gisan, handia izan zen Arribeko Mailope galeriako inaugurazioa ere, handiak baitira elkartu ziren eskultore, pintore, argazkilari, arkitekto, musikari eta poetak.Asko Mailopen ziren. Han ikus zitezkeen Juan Gorritirekin batera Daniel Tamayo, Mikel Laboa, Jose Luis Zumeta, Laura Esteve, Iñaki Moreno Ruiz de Egino, Koldobika Jauregi, Ander Hormazuri, Joseba Urretabizkaia, Keixeta eta Izotz Mendiguren, besteak beste. Baita politika arloko aurpegiak ere, horien artean, Antton Karrera eta Jone Goirizelaia. Guztira, 200 pertsonatik gora arteak lotuta.
Ogitartekoak sagardo upela ere ireki zuten, musika eta poesia lagun, Mailope galeriaren eta Juan Gorritiren etxearen artean dagoen gunean elkartu ziren atzo arratsaldean, lagunarteko giro politean.
«Oso kontent nago erakusketari itxura txukuna eman diogulako, baita artista eta bisitari ugariren bilgune delako ere. Familiaren eta hainbat adiskideren laguntza izan dut, eta denon artean Lekunberriko Mitsausenea, Arribeko Mailope eta tartean dagoen Mailoak elkartu, eta 12 kilometroko galeria osatzea lortu dugu. Jendea harrituta dago, ez du ulertzen nola elkar daitezkeen herri txiki hauetan hainbeste artista. 60ko eta 70eko hamarkadetan gehiago batzen ziren, baina orain erakundeek ez dute ahalegin hori egiten», adierazi zuen Juan Gorritik.
Eskultore nafarrak argi du arrakastaren sekretua zein den: «Maitasun askorekin egiten dira horrelakoak, diruarekin soilik ezinezkoa izanen litzateke. Izugarri maite dugu herria, eta gure artea bertako zati da azken finean. Batzuk futbolarekin emozionatzen diren moduan, gu arteak zoratzen gaitu». Erantzuna ikusita, egindako lan eskergak merezi izan duela baieztatu zuen artistak. «Bazter guztiak txukundu ditugu, obrak ekarri, katalogoa osatu... Araitz bailarari ‘La Navarra caribeña’ deitu diot, aterik gabeko galeria osatu baitugu».
Nestor Basterretxea artista emankorrak ezin izan zuen inauguraziora joan, baina bere iritziaren berri eman dio GARAri: «Gorriti hagitz pertsona berezia da, gogotsua, arte euskaldun garaikidea plazara atera dadin saiatzen dena, eta den bezalakoa delako antolatzen ditu erakusketa bitxi hauek. Primeran iruditzen zait betiko galerietatik haratago joatea eta zoriondu egiten dut arte euskalduna goratzeko duen bokazioagatik».
«Filosofia hori dut nik ere. Arte garaikidea ezagutzera emateko eta herritarrek bizitzan elementu garrantzitsua dela ulertzeko bidea artisten obrak erakustea da, gehiago edo gutxiago gustatu arren, sortzeko talentuaren testigantza direlako. Horretan dabil Nafarroako eskultorea, eta nik animatu egiten dut», erran zuen bermeotarrak.
Aspaldiko obra bat utzi dio erakusketarako, 1957an egindako “La ciudad blanca” pintura-eskultura. «Pinturatik eskulturara jauzi egin nuen unekoa da. Garapen hagitz interesgarria izan zen. Jorge Oteizarekin bizi nintzenez eta sekreturik ez genuenez, berak bultzatu ninduela uste du jendeak, baina ez zen hala izan, bolumetria ezagutzeko eta pinturaren bi dimentsiotako mundua uzteko beharra sentitu nuelako egin nuen. Pintura-eskultura hori ez dut behin ere salduko, beti nirekin eduki nahiko nuke. Hain zuzen ere, lan ona iruditzen zaidalako utzi diot Gorritiri, bere moduko pertsonek gure obra onenak merezi dituztelako», argitu zuen.
Inaugurazioan zen Iñaki Moreno Ruiz de Egino, aurpegi ugari duen sortzailea, geometria aztertzen diharduen margolari eta eskultorea. «Primeran iruditzen zait horrelako ideiak aurrera eramatea eta artista euskaldunak elkartzea. Gainera, Nafarroako eskualde honetan izateak ere badu garrantzia, bertako kultura ezagutarazteko balio duelako», nabarmendu zuen erakusketan margo eta eskultura bana aurkeztu duen sortzaileak. «Ekitaldi kultural hau sortzeko Gorritik ardura handia hartu du bere gain. Halako jendea egotea garrantzitsua eta baitezpadakoa dela erranen nuke, sormena eta artea bultzatzeko oso ekimen baliagarriak antolatzen dituelako, eta normalean artistok ez dugulako horrelako ideiarik gauzatzen».
Talde lanaren beharra
Joseba Urretabizkaiak Aralar mendilerroari buruzko argazki sail bat erakutsi du. «Juan Gorritik lehenago ere gauzatu izan ditu gisa honetako proiektuak, ez da jendea bere inguruan elkartzen den aurreneko aldia. Hamaika lagun izaten da beti bere etxean eta ez da harritzekoa denen artean erakusketa handi hau osatzea. Sektore ezberdinetako artistak batzea izan da asmoa, musikariak, poetak, eskultoreak, margolariak, arkitektoak... Hori izan da berritasunetako bat. Ez dugu astirik izan jende gehiago proiektuan murgilarazteko, baina aurrerago mundu ezberdin gehiago elkartu nahi genituzke», azaldu zuen argazkilariak.
«Gorritirekin hagitz erraza da dena. Bestalde, etxe berezia eta ikusgarria dauka eta Araitz ingurua ere zoragarria da», gaineratu zuen. «Erakusketa kolektibo hauek erreferentzia puntuak izan ohi dira, sektore ezberdinetako jendea elkartu eta proiektu asko gauzatzen direlako. Lan anitzen abiapuntuak izan daitezke. Ez dakit hori izanen den Gorritiren asmoa, baina atea irekia utzi du behinik behin», ohartarazi zuen. «Artista bakoitza bere kabuz ibili ohi da eta talde lanari ekin beharko geniokeela iruditzen zait, besteengandik ikasteko, euren ikuspegiak ezagutzeko, alor berrietan aritzeko. Bide horretatik joz gero, proiektu benetan interesgarriak sortuko genituzke. Gaitasun handiko jendea izan arren, emaitzak ez dira hain onak izaten. Hala ere, baikorra naiz eta elkarlana sustatzeko aukera ikusten dut, zuzenduko duen norbait falta da. Ondoko galdera egiten diot neure buruari: nola garatuko genuen artea Amerikakoa eta beste kultura batzuk inposatu izan ez balizkigute?». Izotz Mendibururen iritziz ere berebiziko garrantzia du artistak elkartzeak: «Horrelako gehiago egin beharko lirateke, artea indarberritzeko lagungarria baita adin eta arlo ezberdinetako lagunak batzea», azaldu zuen. Eskultura bat sortu du egurrarekin eta beirarekin, hots, material hotza eta beroa elkartu ditu.
Elementu naturalek garrantzi berezia dute Txiki Agirre Garate Keixeta pintorearen lanetan. Ezin egokiagoak dira, hortaz, AralArterako. «Bilgune handia sortu du Gorritik, hamaika obra batzea eta hagitz artista ezberdinek elkar ezagutzea lortu du. Badira zaharrak, helduak, gazteak, baita hildako lagunak ere, benetan maite ditugunak. Batzuen falta nabari dela ere aipatuko nuke», erran zuen Aralar inguruari buruzko margolan abstraktu batzuk egin dituen sortzaileak. Joan den asteko Lekunberriko inaugurazioan bezala, Arribekoan ere jende pila bat ezagutzen ari zela nabarmendu zuen, eta hori oso aberasgarria dela: «Horrela erreferentzia berriak izanen ditugu gero obrak sortzeko».
Gorritiren etxean zen Kukuxumusu marka ezagunaren sortzaileetako bat ere, Mikel Urmeneta. «Ez naiz antolatze lanetan aritu, kanpotik jarraitu dut pixka bat. Ekimen berritzailea iruditzen zait hainbeste artista euskaldun batzea, baita erakusketa etxean egitea ere, gela bereziak erabiliz gainera, oilategia, errate baterako. Obrak kokatzeko modua ere artistikoa da ezohiko erakusketa honetan», adierazi zuen. Plater eta erretilu zaharren gainean egin ditu marrazkiak iruindarrak. Oilategietako irudiez gain, testu batzuk idatzi ditu, plater kontalariak izan daitezen.
Artista horiek guztiek eta anitzez gehiagok halako maitasunez gertatutako “AralArte Mailopeko magalean hegaletan” galeria bisitatu nahi duenak irailaren 10era arte izanen du aukera, bi agertokiak zabalik egonen baitira ordu arte. Lekunberrikoa, aste tartean 18.00etatik 21.00etara eta asteburuetan 11.30etik 13.30 arte. Arribekoa, berriz, aste tartean 18.00etatik 21.00etara eta igandetan 12.00etatik 14.00etara.
Halere, Aralar mendilerroaren inguru magikora hurbildu ezin duenak izanen du modurik erakusketa ezagutzeko, GARAk sortzaile bakoitzaren obra eta iruzkina biltzen dituen katalogo berezia argitaratu baitu. Koloretan egina dago eta azaleko argazkiak Joseba Urretabizkaiarenak dira. -