Koldo ALMANDOZ | Zine zuzendaria eta gidoilaria
«Irailetik abendura bitartean erakutsiko dugu ‘Midori’»
Japonian paisaia, pertsona eta kontu harrigarri ugari izan arren, Koldo Almandozen begiek Midori bakarrik ikusten zuten. Atzetik jarraitu eta kameraz grabatzeari ekin zion. Horrela jaio zen dibertitzea bertze xederik ez zuen proiektua, baina gustatu eta aurrera egin zuten. Almandoz izan da zuzendaria eta gidoilaria, animazioa Anjel Aldarondok egin du eta soinua Iñaki Olaziregik.
Razielen itzulera”, “Belarra”, “Amuak”... Hainbat
film labur eta dokumentalen egilea da Koldo Almandoz donostiarra. Hilabete
gutxiren buruan izanen da ikusgai bere azken lana, “Midori”, MK Filmaken eta
Kosmikar Studioren artean egina eta Kioton eta Donostian filmatua.
Nola bururatu zitzaizun «Midori» filmatzea?
Proiektua bat-batean sortu zen. Japonian nengoela, Kioton, uniformedun ikasle koadrila bat ikusi nuen. Bazen neska berezi bat, Midori, hanka bat bendaz lotua zuena eta makuluekin zebilena. Bitxia iruditu zitzaidanez, atzetik segitu eta kameraz grabatu nuen. Jarraitzaile sutsuaren ikuspegi horretatik istorio bat eraikitzeari ekin nion. Filmak jarraipen hori kontatzen du, baita kameraz grabatzen aritu den pertsonaren inguruko fikziozko istorio bat ere. Animaziozko kontakizun bat ere bada, Midoriri gertatzen zaiona eta jarraitzaileak bizitakoa azaltzen duena.
Errealitatea eta fikzioa nahasten dira orduan?
Abiapuntua hori izan zen. Bitxia eta estetikoki polita iruditu zitzaidalako hasi nintzen Midori grabatzen, eta horri lotutako fikziozko kontakizuna asmatu nuen gero.
Formatu ezberdinak erabili dituzu, ezta?
Etxeko bideo kamerarekin grabatu nuen Midori. Jarraitzailearen istorioaren irudiek askoz kalitate hobea dute eta marrazki bizidunak ordenagailu bidez eginak dira. Fantasia kutsua emateko, onena animazioa erabiltzea zela pentsatu genuen.Animaziozko zure lehenengo filma al da?
Hala da, eta esperientzia polita izan da. Betidanik gustatu izan zaizkit marrazki bizidunak, baina lana oso nekeza da. Teknologia berriek asko laguntzen badute ere, hamaika formatu dago, eta emaitza ona lortzeko formatu horien artean bilatu egin behar da. Anjel Aldarondo arduratu da animazioaz, bera izan da nik kontatzen niona gauzatu duena. Bere lanik gabe, ziur asko ez genuke film labur hau egiterik izango. Zein izan da proiektu honetako lan taldea?
Anjel Aldarondok eta biok egin dugu gehiena, ekoizpena, filmatzea, argazkiak eta muntaia. Soinuaz, aldiz, Iñaki Olaziregi arduratu da. Haritz Elizegi aritu da aktore lanetan eta beste pertsona batzuek ere lagundu digute. Japonian filmatzen ibili ginenean nire joera obsesiboa jasan behar izan zuten. Joera horregatik barre egin zidan lagunen bat ere bada. Bukatzen ari zarete dagoeneko, ezta?
Soinuari eta animazioari azken ukituak ematen ari gara. Azken horri dagokionez, badirudi ez dela sekula amaitzen, beti dagoela zer hobetu, une jakin batean «akabo» esan arte. Baikorra izanda eta ezer gertatzen ez bada, hilabete edo hilabete eta erdi barru kopiaren bat izango dugula uste dut, eta irailetik abendura bitartean filma erakutsiko dugula. Ba al duzu beste proiekturik esku artean?
Iaztik ari gara beste proiektu bat lantzen. Oso erakargarria da, baita aldrebes samarra ere. Ikusleak zinemaz hausnartzera bultzatuko dituen dokumental faltsu bat egiteko asmoa dugu. Pertsonaia berezi batzuk erabiliko ditugu, baina ezin dut esan zein diren. Dokumentazio lan handia eskatzen du, irudi anitz berreskuratu behar dugu filmetatik, eta horretan gabiltza oraindik. Hala ere, 2007an gauzatzea espero dugu. Bitartean “Midori” jaio da. Hasieran, dibertitzeko asmoarekin hasi ginen baina proiektua gustatu eta aurrera egin dugu. -
|