Maixabel Lasa: «Bakerako guztiok gara beharrezko»
·Juan Maria Jauregi omendu dute bere heriotzaren seigarren urteurrenean
«Bakea lortzeko guztiok gara beharrezkoak», adierazi zuen atzo Maixabel Lasak, Juan Maria Jauregi zenaren alargunak, hari egin zioten omenaldian. Lasak eta beste 60 lagunek sinaturiko testu batean «bakearen oinarria biktimen etengabeko omenaldia» izan behar dela esaten da.
TOLOSA
«Euskal Herrian bakea lortzeko une aproposean gaude eta horretarako alderdi guztiak bildu eta norabide berberean bultza egin behar dute», adierazi zuen atzo Maixabel Lasak, Gipuzkoako gobernadore zibil ohi Juan Maria Jauregiren alargunak. Jauregi ETAk hil zuela seigarren urteurrena bete zen atzo, eta, hori dela-eta, PSEko hainbat agintarik omenaldia egin zioten Burnikurutzetan, Legorretan eta Tolosan. EAko Onintza Lasak ere Jauregi omentzeko ekitaldi horretan parte hartu zuen. Tolosako ekitaldian Maixabel Lasak eta beste 60 lagunek sinaturiko dokumentu bat aurkeztu zuten. Idatzi horretan, «bakea lortzeko guztiok beharrezkoak gara» adierazten da, eta PPri dei berezia egiten zaio prozesuan parte har dezan. «Euskal herritarrek Juan Mari bezalako terrorismoaren biktimak etengabe omenduko ditu lortuko dugun bake horretan. Biktimon memoria gure gizartearen etorkizuneko bizikidetzaren oinarri izango da», gaineratzen dute.
|