Su-etena... baina Libano sutan
Libanok sutan segitzen du. Qanako sarraskiak mundua asaldatu zuen, aurretik ere asaldatzeko motiborik egon ez balitz bezala. Badirudi populazio zibila pixkanaka hiltzea irensten errazagoa dela. Baina Israel ez da asaldatu eta, orain arte bezala, besteak egiten ditu bere sarraskien erantzule. Ezin asaldatu, «hilketa selektiboak» bezala Qanakoa ere bere planifikazio militarraren barnean baitzuen. Mundu asal- datuaren aurrean 48 orduko su-etena iragarri ondoren, atzo Libanoko hegoaldea bonbardatzen segitu zuen. Israelgo Armada Libanori erasotzen hasi zenean, Gobernuak esan zuen beren helburua Hezbola desarmatzea zela. Baina helburu hori eta operazio militarren emaitzak ez dira inolaz ere bateragarriak. Izan ere, ikusteko dago helburu hori lortzeko Hezbolari egindako kalte handia. Oraingoz populazio zibila kaltetu du, ikaragarri kaltetu ere. Uste izatekoa da taktika militarra pentsatutako moduan atera ez eta egoera muturrera eraman nahi duela. Libanoko bizilagunei Hezbolaren jardueraren ondorio txarra ikusarazteko hura errudun gisa aurkeztuta. Antza denez, Libanon gutxik ikusten dute Hizbola etsai bezala, eta Israelek nekez lortuko du halakotzat hartzea horrela jokatuz. Baina Israel ez da kezkatzen herrialde «zibilizatua» omen delako, eta orain asaldatzen den munduan zabaldua eta barneratua dago «terrorismoa» gaitzik larriena dela, ezabatu beharrekoa. Horretan omen ari da Israel. Eta ez du kezkatzeko motiborik: Nazio Batuen Erakundeak sarraskia gaitzetsi ere ez du egin, AEBen betoa tarteko, bere eraginkortasunik eza erakutsiz. Argitu beharko litzateke nazioarteko komunitatea hizpide hartzen denean munduko estatu eta gobernuez hitz egiten dela. Eta argitu, baita ere, komunitate horrek norberaren interesen arabera jokatzen duela. Dorre bikiak eraitsi zituen atentatua oso larria izan zen, Madrilgo trenak zartatu zituena bezala. Qanakoa, ordea, ez da atentatua izan, Gobernu demokratiko baten ekintza militarra baizik. Ez da aurre egiteko kontua, ez da premia biziko neurriak hartzeko moduko triskantza. Eta hildakoak ere desberdinak direla ematen du. Horrek badu izenik: hipokrisia, ondorio latzak dakartzan hipokrisia. Moral hitza etengabe ahotan duen hipokrisia. Bitartean Libanoko hegoaldetik jendeak ihes egiten du. Ikusitakoak ikusita, jasandakoak jasanda, benetako exodoari ekin dio. -
|