Rebeka Ubera Aranzeta - Aralarreko bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Oarsoaldea, plataforma logistikoa?
Erabakia hartuta dago. Pasaialdean, Oarsoaldean, plataforma logistiko ikaragarria sortu nahi dute: kanpoko kaia, Lezoko portu lehorra, merkantzietarako garraio arteko hiru geltoki (bi Irunen eta bat Lezon), hiru plataforma logistiko (Lezo, Gaintxurizketa-Hondarribia eta dagoeneko egina dagoena Oiartzun), AHT, Lezotik Irunera doan N-1-en zabaltzea, Oiartzundik Astigarragarainoko bigarren ingurabidea, hirugarrena ere marraztua dago... Eta erabaki horretan oinarrituta erakunde arteko batzordean parte hartu duten erakundeak, hau da, Jaizkibia osatuko dutenak, hasi dira dagoeneko zonaldearen eredua definitzen.Eredu horretan helburu gisa planteatua dago gune mugatu batean garraioen arteko lotunea sortzea eta garraio batetik besterako aldaketak bertan egitea. Dena Pasaialdeko badiaren biziberritze integralaren izenean. Baina horretarako beharrezkoak izango diren azpiegiturak eta berauek beharrezkoak dituzten eremuen okupazioa, zonaldeari gehituko zaion trafikoa eta abar luze horrek sortuko dituen kalteak kontu- an izan gabe. Hori bai, iraunkortasunaren izenean eta, nola ez, zonaldeko herritarren bizi kalitatearen izenean. Baina Oarsoaldean bizi direnen iritziak, aldarrikapenak kontuan hartu al dira? Pasaitarrei galdetu zaie beraientzat zer esan nahi duen biziberritze integralak, nola ulertzen duten biziberritzea? Zeren eta gero eta ageriago dago batzuentzat biziberritzea errepideak egitera, lantegiak kokatzera eta etxebizitzak egitera mugatzen dela. Horrekin ez dugu esan nahi ez direnik egin behar. Jakina egin behar direla, baina beti beharrak eskatzen duen proportzioan. Izan ere, lehenengo paragrafoan zerrendatutako proiektu guztiak egiten badituzte, zein gune utzi behar diete bertako auzotarrei? Azpiegitura horien guztien artean geratuko diren tarteak baino ez. Agerian ere geratu da, kanpoko portuaren inguruan ez dagoela ezer konkreturik. Koldo Azkoitia jaunak hainbat batzordetan onartu duen bezala, soilik orientabide batzuk daude. Eta hori bakarrik ez, zeren Azkoitiak onartu egin du ez dela Foru Aldundiaren eginbeharra kanpoko kaiari buruzko proiektua horren bideragarritasun plana eta bestelakoak egiteko eskumena, jakin den bezala, eskumen hori ez delako Foru Aldundiarena. Beraz, orientabide horiek inon oinarrituta ez daudenean, bideragarritasun planik ez dagoenean, ezer ere ez dagoenean, zer saltzen ari da etenga-be komunikabideetan Foru Aldundia? Kea, horixe baino ez. Bestalde, Foru Aldundiak enkargaturiko zenbait txosten aztertzeko aukera ere izan dugu, eta oraindik ez dugu datu objektiborik aurkitu kanpoko kaia beharrezkoa dela argudiatzeko. Guri ez digu balio esateak Gipuzkoako ekonomiak Pasaiako portuaren beharra duela, azken baten, azpiegitura batek ez duelako baieztatzen inondik inora ekonomiaren hazkundea ekarriko duenik. Azpiegitura bat ezin da inoiz lurralde bateko motorra izan. Halaber, eskualdeko izarra izan beharko litzatekeena bertako biztanleen bizi kalitateari begira eta Natura 2000 sarearen barruan, denon intereseko gune den Jaizkibel mendia, hori ere hortxe dago erdi ahaztuta eta kudeaketa plana burutu gabe. Noizko egongo da eginda Kudeaketa Plana? Kanpoko kaiarena guztiz finkatua dagoenerako? Ala LIC eremua kaltetzen duela salatzeko aukerarik egoten ez denerako? Eta bien bitartean, zergatik ez dituzte aurrera eramaten degradaturik dauden eremuak berreskuratzeko premiazko neurri zuzentzaileak? Iraunkortasunaren izenean, ziklo konbinatuko zentrala eta errausteko plantak gehituko zaizkio, Kiotoko araudia betetzetik urrunduz. Kaleratutako informazioaren arabera, eraiki nahi den zentralaren potentzia gaur egungoa baino lau aldiz handiagoa izango da. Gaur egungoak 214 megawatio ditu eta besteak 800 izango ditu. Gainera, gaur egungo zentrala ez dago era jarraian martxan, Iberdrolak bere beharren arabera eten egiten baitu. Etorkizunekoa, berriz, etenikgabe martxan egongo da. Ondorioz gaur egun ditugun CO2 isurketak bikoiztuko ditugu: 1,4 milioitik 2,5 milioira. Ez dugu zalantza egiten ikatz zentral termikoa kendu beharrarekin. Baina jauzia egin behar dela arin argi izanda, zergatik ez benetako jauzia eman, XXI. mendeari dagokiona, eta energia berriztagarrien aldeko apustu serioa egin? Gaur egun hainbat erakunde lanean ari da Oarsoaldea Plataforma Logistiko bihurtu nahian. Kanpoko portua plataforma horren izar distiratsu egin nahi dute eta hau guztia Pasaiako Badiaren biziberritze integralaren eta iraunkortasunaren izenean. -
|