GASTEIZ
Arabako
Enpresarien Elkarteko (SEA) kideek ez dute ikusi, Nafarroako CENtaldeko buru Jose Manuel Ayesak adierazi bezala, ustez ETAk enpresariei igorritako gutunik. Horixe adierazi zuen atzo SEAko presidente Carlos Zarceñok Gasteizen egindako agerraldian. PPko buru Maria San Gilek ustezkogutun horien aurrean enpresaburuei adoretsuak izateko eskatu zien, eta kazetariek horri buruz galdetu zioten Zarceñori joan den astean. «Enpresarien adorea egunez egun ari gara frogatzen» erantzun zien hark kazetariei.
Ayesak adierazi zuen «beharrezkoak diren datuak» zituelako egin zuela salaketa, eta Zarceñok, berriz, nabarmendu zuen Araban ekaineko egoera berberean daudela. «Une hauetan, SEAk ez du horrelako mehatxu gutunik ikusi», adierazi zuen.
Ayesak Nafarroan ustez ETAk igorritako gutunak jaso dituztela esan zuen. Hala ere, Poliziak eta Gobernu espainoleko Ordezkaritzak ez zuten horrelakorik egiaztatu.
Dena den, «horrelako gutunak» egongo balira prozesu politikoa kolokan jarriko litzatekeela bota zuen Zarceñok, «ez baita benetako su-eten egoerarik izango gutun bakar bat dagoen bitartean».
Horrelako zerbait gertatuko balitz, hau da, «benetan mehatxuak jasotzen dituzten enpresari edo enpresari taldeak egongo balira, beti izango lukete enpresarien alde ematen dugun babesa», nabarmendu zuen Carlos Zarceñok.