DONOSTIA
Ez zen ezusterik izan, eta Unai Otañok lortu zuen Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolarien Txapelketa. Hala, heldu den urtean maila nagusian aritzeko moduan izango da.Legorretan eta Beasainen egin ziren kanporaketetako sei onenak ziren atzo Donostian, baina aldaketa bat izan zen. Joseba Otaegi min hartuta dago, eta bere ordez, Esnaola aritu zen. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen. Jendeak, berriz, bikain erantzun zuen, Donostiako Loiola auzoko pilotalekua erabat bete baitzen.
Unai Otaño zen irabazteko faborito nagusia, kanporaketako denborarik onena berea izan baitzen, eta Ibarrako aizkolariak ez zuen kale egin, berea izan baitzen atzoko denborarik onena ere. Ugartebururena izan zen kanporaketako bigarren markarik onena, eta atzo ere horrelaxe izan zen.
Lehen kana-erdikoan, lehenengo bostak ia batera ziren, baina hortik aurrera apurka-apurka aldea egiten joan zen Otaño. Ugarteburu izan zen apur bat eustea lortu zuena, baina Ezkio-Itasasoko aizkolariari ezinezkoa izan zitzaion hari eustea, eta amaieran 48 segundoko aldea atera zion.
Ugarteburuk ere ez zuen izan inoiz bere bigarren postua arriskuan; bi minutu eta erdiko aldea kendu zion hirugarren postuan sailkatu zen Lasari.
Joxe Ugartebururen lana txalotzekoa da. Lehen Mailako puntako aizkolaria zenean, kirola utzi zuen. Gero, urte batzuetan plazetatik kanpo egon ostean, erakustaldietara itzuli zen. Orain dela bi urte lehiaketetan ikusi ahal izan zen Urrezko Aizkoran, eta aurten txapelketa ofizial batean aritu da.
Saioaren amaieran, Unai Otaño gustura zegoen egindako lanarekin: «Beldur pixka bat ekarri dut Ugaretuburuk alde egingo ote zidan, baina ongi eutsi diot, eta ongi aritu naizela pentsatzen dut. Epaietan ere asmatu egin dut. 60 ontzakoekin, justu samar, baina haiek ere ongi erdibitu ditut, eta gustura nago», esan zuen.
Bera finalera lan ona egingo zuen itxaropenarekin joan zela ere onartu zuen: «Gure artean alde handirik ez zegoen, baina banekien nirea ematen banuen estu hartuko nituela, eta azkenean txapela lortu dut».
Azkenik, enborren inguruan inolako aitzakiarik ez zegoela esan zuen txapeldun berriak: «Enborrak onak ziren. 60 ontzakoak azalean eutsi samarrak ziren, baina haiek ere onak ziren, denentzat berdin zeuden, eta gaur hemen ziren enborrek ez dute inolako aitzakiarik», esan da gurtu zen Ibarrako aizkolaria. Otañoren hurrengo erronka EuskalHerriko Bigarren Mailako finala izango da. Han ere bera izango da irabazteko faborito nagusia.