Izortz ZABALA | Astilleroko patroia
Agian baldintza hobeak izan zituen, baina Urdaibaik lan ona egin zuen
Gaur ere aurreko zutabeetan bezala hasi beharko naiz, San Miguel Ligan ari diren ontzien arteko berdintasuna nabarmentzen. Asteburu honetan berriz ikusi da hainbeste berdintasun egonik edozer gauzarengatik alde batera edo bestera joan daitekeela garaipena.Garaipenak lortzeko aukerak dituzten ontzi batzuk daude, eta edozeinek irabaz dezake. Hor daude Orio, Castro, Hondarribia, Pedreña... eta nik Urdaibai ere multzo horretan sartzen nuen. Emaitzak ikusita agian ez, baina taldean dauden arraunlarien mailarengatik bai, eta igandean ikusi zen multzo horretan daudela. Agian baldintza hobeak izan zituen, hori ezin da ziur esan baina, hala ere, hor egon behar da, garaipena lortzeko oso estropada ona egin behar da-eta. Pasaian erakutsi zuen Urdaibaik hor dagoela, eta garaipen horrek poztu egin nau, talde ona duelako eta Plentzian, adibidez, azken postuan amaitu izana oso gogorra egin behar zitzaielako. Garaipen honek arraunlarien morala altxatzeko balioko duela uste dut. Agian orain arte beren buruenganako konfiantza apur bat galdu dute, baina estropadak irabazteko aukerak badituztela ikusita, gora egin dezaketela uste dut. Beheko aldean, ostera, gauzak garbiago daudela dirudi. Laredo indartsu hasi zen, baina beren maila non dagoen ikusi da. Pasai Donibane ere hor behean dago. Plentzian bere maila altuena eman zuen, baina hortik aurrera ez du gehiago erakutsi. Zumaia, berriz, gero eta politago eta lasaiago ikusten da uretan, arraunean egiteko bere era finkatu ere egin du eta zulotik irten da. Hasierako estropadetan urduri egon zirela uste dut, baina orain ikusten da konfiantza hartu dutela. Amaitzeko, larunbatean epaile batzuek Arkoterekin izandako jarrera salagarria edo zalantzagarria behintzat aipatu nahiko nuke. Izan ere, Getxon izandako jarrera zalantzan jarri beharra dago, nahiz eta epaileek arrazoia izan zezaketen beren jarrera apur bat harroa izan zelako. Beraiek argi izan behar dute arraunlariak topera doazela, patroia lepoz doala eta ez duela atzean duen epailea ikusterik. Bandera zuria ikusita ez dakizu zehatz-mehatz zer esan nahi duen, eta jarraian bandera horia erakustea gehiegizkoa iruditzen zait.
|