OLAIZOLA I-BEGINO 9
SARALEGI-ZEARRA
22
Pilotakadak: 578. Partidaren iraupena: 54’. Jokoaren iraupena: 31’. Markagailua: 1-1, 1-5, 2-7, 3-13, 6-13, 6-14, 7-14, 7-16, 8-16, 9-18, 9-22. Sakez: Bat ere ez Olaizola I.ak eta 1 Saralegik. Egindakoak: 7 Olaizola I.ak, bat ere ez Beginok, 11 Saralegik eta 1 Zearrak. Galdutakoak: 6 Olaizola I.ak, 4 Beginok, 1 Saralegik eta 1 Zearrak.
Unai ARTETXE
DONOSTIA
Ekaitz Saralegi ondo ari zen jokatzen azkenengo neurketetan, eta Asegarcek partida nagusi bat jokatzeko aukera eman nahi izan zion atzo Zarautzen. Amezketako aurrelariak horrelako norgehiagoketan tokia izan dezakeela erakutsi nahi zuen, baita lortu ere. Gipuzkoarrak azterketa zaila zuen, Olaizola I.ak eta Beginok bikote indartsua osatzen baitute, baina Oier Zearra bere kideak laguntza handia eman zion, eta hala, garaipena aise eskuratzeko parada izan zuten.
Oso pilotaria da Saralegi. Aurrelari ausarta da, airez ondo moldatzen dena eta beste baliabide batzuk ere badituena, baina oraindik ere ezker eskua hobetu beharra daukana. Atzo hori erakutsi zuen beste behin.
Asier Olaizola aurrean zuen arren, errematera joateko aukerak ondo baliatu zituen, eta azkenean hamaika tantorekin amaitu zuen partida, horietatik bost airez. Gantxo zehatzak bota zituen, eta zabalerako keinuak eginez txokoan ere goxo-goxo utzi zuen pilota behin baino gehiagotan. Olaizola I.ak pilota moztu zuen bakoitzean, ordea, larregi sufritu zuen.
Oier Zearrak laguntza handia eman zion gipuzkoarrari. Galdakoztarrak eskuetan izandako arazoak atzean utzi ditu eta bere mailara itzultzen ari da. Atzo Begino baino gehiago izan zen, eta pilota bakarra baino ez zuen galdu.
Gorriek, ostera, ez zuten egunik onena izan. Olaizola I.ak gehiegi galdu zuen, eta Beginok ez zuen pilota astintzerik izan.