GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-01
Iker GOENAGA | Estoniako Viljandi folk jaialdian izan den trikitilaria
«Hainbeste gazte ikusteak harritu nau, dantzan eta giro paregabean»
22.000 pertsona bildu ziren joan den astean Europako iparraldeko jaialdi garrantzitsuenetako batean, Estoniako Viljandi folk bestan. Eszenatoki gainean, aldiz, 20 talde izan ziren, tartean Iker Goenaga trikitilari zizurkildarrarena. «Folk musikaren inguruan adin guztietako hainbeste jende biltzen dela ikusteak txunditu egin gaitu», adierazi du.

Folk fresko eta harrigarria egiten du Iker Goenagak. Aurten kaleratu du “Amorrua” diskoa eta hainbat kontzertu eskainiko du udaran, hori bai, kantuak sortzeari utzi gabe. Estonian izan berri da, Tallin hiriburuko Viljandi folk jaialdian jotzen, eta abentura zoragarri horren berri eman dio GARAri.

­Nolatan izan duzue jaialdian parte hartzeko aukera?

Aurtengo edizioa, hamalaugarrena, akordeoi diatonikoari eskaini diote bereziki. Estatu espainiarreko enbaxadako langile batek familia du Nafarroan, Otsagabian. Euskal Herriko trikitixaz mintzatu zen jaialdiko antolatzaileekin, disko batzuk ere eman zizkien. Horregatik deitu ziguten.

­Zer moduz joan da bidaia? Esperientzia polita izan al da?

Bidaia bera nekagarria izan bada ere, oso pozik gaude esperientziarekin. Bost egun eman ditugu han eta horietatik lautan izan da jaialdia. Asteazkenean iritsi ginen, uztailaren 19an, eta hurrengo egunean izan genuen lehenengo kontzertua. Taldekideok ez genuen Estonia ezagutzen. Ni Finlandian eta Norvegian izanda nago, baina asko harritu nau Estoniak. Oso laua da, mendirik garaienak 300 bat metro izango ditu, lakuak daude, oso berdea da, herri batetik bestera tarte handia dago... Paisaiak zoragarriak dira.

Viljandi herrian bada gune urbanoa, baina inguru guztia aintziraz betea dago, oso leku polita da. Bost eszenatoki jarri zituzten han, eta lau egunetan eguerdiko hamabietan hasi eta goizaldeko hirurak arte beti musika talderen bat izan da eszenatokiren batean.

­Ikusle anitz izan ohi da, ezta?

22.000 pertsona inguru hurbildu dira. Folk musikaren inguruan adin guztietako hainbeste jende biltzen dela ikusteak txunditu egin gaitu. Gainera, kontzertu bat bukatu bezain laster, korrika joaten ziren beste eszenatoki batera hurrengo emanaldia ikustera. Mugimendu handia egon da. Esate baterako, larunbateko emanaldian 3.000 lagun elkartu ziren eszenatoki aurrean. Ez genuen inoiz hainbeste ikusle izana, baina nahiko lasai egon ginen.

Fandangoa eta arin-arina oso arraro dantzatzen dute, euren musika tradizionalean ez dagoelako horrelako erritmorik. Harritu nauen beste gauza bat hainbeste gazte ikustea da, dantzan eta giro paregabean. Euskal Herriko neska-mutilek ez dute folka hainbeste maite.

­Harrera ona izan duzue, beraz.

Donostiako neska bat ezagutu dugu. Zortzi urte daramatza Estonian bizitzen eta bertako jendea oso egiazalea dela esan zigun, kontzertu bat gustatzen ez bazaie gai direla alde egiteko. Gure emanaldietan gustura egon direla dirudi, eramandako diskoak ere saldu ditugu. Jaialdiaren webgunean, parte hartu duten musika talde guztien informazioa topa daiteke, eta jende asko gerturatu zaigu gure webgunean sartu zela esanez.

­Artistak ere ugari izanen zineten...

Hogei bat talde elkartu gara, batez ere europarrak: Irlandakoak, Bulgariakoak, hungariarrak, Finlandiakoak... Musika ezberdin asko entzuteko aukera izan dugu.

Primeran antolatua zegoen dena. Telebista saio baterako bost abesti grabatu dizkigute eta elkarrizketa egin zidaten, prentsa gunea ere izan da... Jaialdi indartsua dela antzematen da, eta gu behinik behin pixka bat harritu egin gara.

­Xelebrekeriaren bat gertatu al zaizue?

Norvegiarrak, finlandiarrak eta estoniarrak hotzak direla pentsatzen du jendeak. Egia da hasieran hala ematen dutela, pixka bat ezagututakoan, ordea, oso ondo konpondu gara eurekin. Euskaldunon antza dute horretan. Bestalde, benetan politak dira denak, erakargarriak, neskak zein mutilak.

­Igandean itzuli zineten etxera. Zein asmo dituzu orain?

Abuztuan, kontzertu batzuk emanen ditugu Oskorrirekin. Irailean, aldiz, euskal jaietan joko dugu, Alkizako festetan, Bartzelonara ere joango gara... Kantuak sortzen ere ari naiz, badauzkat 8-9 abesti berri eginda. Kontent gaude martxoan aurkeztu genuen diskoarekin, eta aurrera jarraitzeko ilusio handia dugu. Tradizioan oinarritutako lan honek denetarik dauka: fandangoa, arin-arina, mutil dantza, porrusalda... Orain arteko ildoari segitu badiogu ere, urrats bat aitzinera egiten saiatu gara, musika tresna gehiago erabiliz, baita ordenagailua ere. Hitzei dagokienez ere ariketa desberdinak egiten ahalegindu naiz. Batzuetan musika sortu dut lehenengo, bestetan testua. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna asegura que se dan todas las condiciones para el diálogo multipartito
Kirolak
Gurpegi se verá obligado a cumplir su sanción de dos años
Euskal Herria
Un solo partido, ¿un mismo discurso?
Ekonomia
Langile bat hil da Santurtziko portuan hodi karga bat gainera erori ostean
Mundua
Israel descarta un alto el fuego en Líbano en los próximos días
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss