LA HABANA
Kuba Washingtonen irizpideen araberako «trantsizio demokratikorantz» joaten laguntzeko prest agertu zen Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente George W. Bush. Fidel Castro Kubako presidenteak agintea behin-behineko gobernu baten esku utzi zuenetik Bushen lehen adierazpenak dira gai horri buruz.
«Kubako herritarrei dei egiten diet aldaketa demokratikoa bultza dezaten. Guk babestuko dugu demokrazia- rekin bat egiten duen Gobernua, eta egungo Gobernutik Kuba askean oztopoak ipintzen dituztenen izenak aintzat hartuko ditugu», zioen Bushen oharrak.
Adierazpenok haserrea eragin zuten Kubako Gobernuan. “Granma” egunkari ofizialak azaltzen zuenez, «trantsizio hitza ez dago kubatarren hiztegiaren barruan». «Gure nazioaren kontrako mehatxuen aurrean herria batuago agertzen da, atseden barik borrokatzeko prest», azaldu zuen.
Bushek aipatu zuen Kuban ziurgabetasuna dagoela, baina hori ere ukatu zuen “Granma” egunkariak. «Zein ziurgabetasunez ari da (Bush)?», galdetu zuen. «Raul Castrok nazioaren lema tinko darama», baietsi zuen. “Granma” egunkariaren iritziz, Bushen adierazpenak «onartezinak» dira, eta AEBetako presidentearen «berezko ezjakintasuna» agerian uzten dute.
«Anexioaren saiakerei aurre egiteko» kubatarren batasuna eta Iraultzarekiko atxikimendua indartzeko deiak ugaldu dira. Abertzaletasunaren erakustaldiak puri-purian daude eta mitinak ere areagotu egin dira.
Bitartean, Miami eta La Habanaren arteko migrazioaren jarioa areago daitekeen beldur da Etxe Zuria. AEBetan bizi diren kubatar disidenteen elkarteek Fidel Castroren heriotza gertu dagoela uste dute eta Kubara itzuli nahi dute han Estatu kolpea bultzatzeko asmoz.