Saihesbide alternatiboa aldarrikatu dute Urnietarako
Urnietako saihesbidearen lehen harria ipintzen zuten egun berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu duen proiektuaren aurka protesta egin zuten herriko hainbat lagunek. Egin asmo duten proiektuak, besteren artean, Berrasoeta parkea suntsitzea eta bi baserri eraistea ekarriko duela salatu zuten. Bestalde, eurek aurkeztutako alternatiba aintzat hartzeko eskatu zuten, «hainbat kalte ekidingo direlako».
URNIETA
Urnietako saihesbidearen lehen harria ipini zuten atzo eta, horrela, hogei hilabetez luzatuko diren lanei hasiera eman zieten. Orotara 3,1 kilometroko luzera izango duen bidea Urnietako erdigunearen mendebaldetik igaroko da, «herria kokatuta dagoen ibarraren ezkerraldeko mazelatik barrena», eta Urumeako autobidearen sei zatietako bat osatuko du.Gipuzkoako Errepideetako zuzendari nagusi Josu Agirrezabalagak aditzera eman zuenez, saihesbidearekin Urnietako erdigunetik egunero igaro- tzen diren 17.000 ibilgailuk sortzen dituzten arazoak konpontzea da helburua, bai eta N-I errepidearentzat alternatiba izatea ere. «Lasarte eta Andoain bitartean zerbait gertatzen denean, Urnietako errepidea kolapsatu egiten da alternatiba bakarra delako; lan honekin soluzioa emango diogu, N-I errepideari alternatiba emanez». Urnietako hainbat bizilagun, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu duen proiektuaren aurka agertu ziren eta elkarretaratu egin ziren. Bertan ba- tu ziren, Urnietako Autobiaren Aurkako Plataformako ordezkariak, Arnasa taldeko kideak eta Berrasoetako Auzo Elkarteko ordezkariak. Guztien izenean mintzatu zen Mikel Izagirre Arnasa plataformako kidea. «Ez gaude autobia eraikitzearen aurka, egin duten proiektuaren kontra baizik», azaldu zuen. Alde horretatik, saihesbidea erdigunetik 50 bat metrora gelditzen dela eta hiru baserri kaltetuko dituela salatu zuten. «Urnietako Lekun eta Almortzategi baserriak bota behako dituzte eta Zibulio baserria, berriz, 16 metroko ezponda baten gainean kokatu beharko da». Hori dela-eta, alternatiba bat aurkeztu zuten bere garaian eta bederatziehun sinadura baino gehiagok babestu zuten. Proposamenean Zibulio baserriaren inguruan tunel artifizialak eraikitzea, Lasarteko bidegurutzean aurrez ikusia dagoen tunela luzatzea, eta Berrasoetako basoaren azpian tunela egitea proposatu zuten. Azken horretarako proiektuak Ibilgailuen Azterketa Teknikorako zentroaren (IAT) inguruan dagoen lotura 300 metro atzeratzea ekarriko luke. Horrela, baserririk ez botatzea, Berrasoetako basoa dagoen moduan uztea, errepidea erdigunetik urruntzea eta auzotarrei eragiten dizkien kalteak murriztea lortuko litzateke, euren esanetan. Berrasoetako parkeari dagokionez, gainera, Urnietako Udalak izan duen jarrera salatu zuten: «Bere balioak ezagutzeko bidea hasi zuten eta orain dena alboratu eta errepide batekin suntsitu nahi dute». Hala, Aritzalde taldeak eta Aranzadik ere proiektuari helegiteak aurkeztu zizkiela ekarri zuen gogora. Izagirrek azaldu zuenez, eurek proposatzen duten proiektuaren berri badu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretaz gain, Administrazioarekiko auzi prozesua ere abian da. Alde horretatik, Aldundiaren presa salatu zuten. «Epaileak irailean erabakiko du guk aurkeztutako auzi prozesua onartu edo ez, bien bitartean lanak ekitea erabaki dute, ondoren burututako ekintza bat dela argudiatzeko». Izagirreren esanetan, orain urte batzuk Urnietan saihesbidea egitea erabaki zutenean, berau ez zuten begi txarrez ikusi. «Hori Urnietako sahiesbidea zen eta ez N-I errepidearen alternatiba. Orain aurkeztu dutena guztiz desberdina da». Izan ere, saihesbidearen aurka agertzen direnek ibilbideak Donostiako saihesbideak hartzen duen zirkulazio zama hartuko duela uste dute. «Zertarako izan behar ditu gainerakoan lau bide, bi norabide bakoitzerako?», galdegin zuten. Are gehiago, zenbait tartetan hiru bide izatea ere aurrez ikusten dela aditzera eman zuten. Desjabetzeen gainean ere mintzatu zen Izagirre. «Baserritarretako bati 22 milioi pezeta agindu dizkiete, eta horrekin Urnietan pisu erdi baterako ere ez duzu, zer egin behar dute pertsona horiek?», salatu zuten. Gogoratu zuten, halaber, jasoa dutela azaroaren erdirako euren etxeak husteko agindua. «Industrialdea dago tartean»
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek azaldu zutenez, saihesbidea eraikitzeko lur asko mugitu beharko da eta horiek guztiek kokatzeko beharrezkoa izango da zabortegi bat egitea.Urnietako Autobiaren Aurkako Plataformako kideek, baina, zabortegiaren atzean interesak daudela salatu dute. «Lurren gainean industrialde bat eraiki nahi dute, eta bitxia da proiektu hori jada arau subsidiarioetan jasoa dagoela». Beren iritziz, horrexegatik hain justu, IATn aurrez ikusia dagoen lotura ez dute lekuz aldatu nahi. -
|