- CFA
Aviron eta Genets gora begira abiatuko dira
BAIONA
Aviron eta Genets prest daude Ligari hasiera emateko. Baionarrak berriro ere CFA Mailan dira, iaz N1 Maila galdu ostean, eta hori berreskuratzeko asmotan ekingo diote denboraldi berriari. Genetsek, berriz, doi-doi eutsi zion CFAri, eta aurten iazko estualdiak pasatu gabe eta ahal izanez gero gora begiratuz hasi nahi dute sasoi berria.Errezeloz josita joango dira Avironen zaleak gaur Didier Deschamps zelaira. Iazko denboraldi eskasaren ostean, lapurtarrek ez dute denboraldi-aurre ona egin, eta horrek errezeloak piztu ditu. Iazko taldean aldaketa asko egin dituzte, baina lagunarteko azkeneko partidan, 7-0 galdu zuen Pauekin. Egia da Avironen ez zirela normalean hamaikakoan arituko diren jokalari guztiak aritu, eta atezainak egun oso txarra izan zuela, baina horrek zaleei ez die gauza gehiegitarako balio, lehen zituzten errezeloak gehitu egin baitira. Onena gaur Brive menderatzea izango da, 19.30etik aurrera. Zuri-urdinen artean, Bouet atezaina ez da jokatzeko moduan izango, eta hamaikakoa honako hau izan liteke: Coucot, Etxeberri, Lespiauk, Lalane, Laporte, Bidegain, Van der Beuwene, Lestage, Louit, Barsacq eta Boucena. Angelun, aldiz, alderantzizkoa gertatzen da, pozik baitaude egin duten taldearekin. Halere, gaurkoan bi jokalari garrantzitsurik gabe izango dira, Poueyts aurrelaria, taldeko izarretako bat, esaterako. Bere lizentzia ez dago oraindik prest, eta azken orduko aldaketarik ez bada, harmailetatik ikusi beharko du norgehiagoka. Hori-berdeek Rodez talde indartsuaren zelaian jokatuko dute gaur 20.00etatik aurrera. Azken orduko aldaketarik ez bada, hau izango da Genetsen hamaikakoa: Gruel, Dors, Cochet, Van Reusel, Dubroca, Ricaud, Ipek, Coutant, Trentin, Jaueregi edo Geueye eta Heckly.
|