Ez gara batere originalak. Denok joaten gara antzeko lekuetara, antzeko sasoian, antzeko turista aurpegiaz. Beste herrialde batzuetara joaten gara, aldez aurretiko iritziekin normalean, han ikusten ditugun jokabide edo gertaera isolatuak herrialde oso bateko idiosinkrasi bihurtzeko joerarekin askotan. Batzuk geure turista buruaz lotsatuta abiatzen gara Euskal Herritik kanpora, inbasio desatsegin baten parte garela jakinda, agian geure herrian bertan horrelakoak ikusten ditugulako. Baina, tamalez, gehiengoa ez da horrelakoa.
Turista berez nahiko harroputza izaten da. Herri turistikoetako udalek ere harropuzkeria hori elikatu egiten dute. Turismoak diru erraza ematen du: ez da gauza handirik egin behar, ez da industrian edo lehen sektorean inbertitu behar herria aurrera ateratzeko, turistak porlanaren negoziorako benetan dira onuragarriak eta hotel bati lurrak saltzea askoz errentagarriagoa da lur hori herritarrentzako zerbitzuetan ematea baino.
Turista asko, gainera, udaro-udaro leku berera joan ohi dira eta hirian lotsa barik esan ere egingo dute herri hartakoak direla. «O, zelako herri polita zurea!». Baina neguan herri hori oso bestelakoa da: ez dago antzerkirik, ez musikarik plazan, ezta balkoi loredun eta politen txapelketarik. Hutsik dago.
Baina turista gehienak ez dira horretaz konturatzen, euren udako etxeak ere hutsik daude, leihoak itxita dauzkate, jabeek begiak ixten dituzten moduan. Eta begiak ixten dituzte herriko gazteen aurrean, haiek euren herrian bizi nahi dutela aldarrikatzen dutenean. Etxerik ezin dutela eskuratu, urte osoko alokairurik ez dagoela, turistentzako prezioak dauzkatela, eta, gainera, gero eta lan gutxiago dagoela eskualdean oihukatzen dute eta Udalak ere ixten ditu begiak. Dirua ateratzeaz besterik ez dute pentsatzen, eta, akaso, inork ez die azaldu turismoak herrian utzitako dirua herriari dedikatu behar zaiola. «O, zelako herri polita!», bai, baina apenas dago herritarrik, gazte guztiek alde egin behar izan dute.
7.000 biztanletik 3.000 jubilatu izatea edozein udal ikaratzeko modukoa da. Ikaratzeko modukoa da, era berean, betidanik arrantzatik bizi den herrian jadanik bizpahiru bapore besterik ez egotea. Baina ba!, hori guztia berdin da, diru arina eta erraza da benetan axola duena. Europari laguntzak eskatu «itsaso interpretazio zentroa» eraikitzeko eta turista gehiago lortu, eta, agian denboraz, jadanik herritarrek galarazita daukaten portuan turistentzako kirol portua ere egin.
P.D: A, ez dut esan? Lekeitio inguruan nabil. -
sagarroiak@gmail.com