Koldo Sagasti - Komite Internazionalistetako brigadista Palestinan
Beduinoak, palestinar ahaztuenak
Gazan sartzeko lehenengo ahalegina egin genuen. Eretzeko pasabidera gerturatzearekin batera hiru soldadu agertu zitzaizkigun amorru bizian, eta, martziano talde bat ikusi izan balute bezala, aho bete hortz zuzendu zitzaizkigun: «Baina, erotuta zaudete? Nora uste duzue zoaztela? Ez al dakizue hemen gerra dagoela?», (gerra... modu xelebrea ihesbiderik eta babesik gabeko herri xumearen aurka zuzendutako sarraski hori izendatzeko). Berehala ohartu ginen gure sarrera oztopatzeko zuten zio nagusiaz. Eztanda bortitz batek asaldatu gintuen, urruna izanagatik gure oin azpiko lurra astindu zuen eztanda, alegia, eta horren ostean beste bat, eta beste bat. Gaza bonbardatzen ari ziren, eta horrelakoetan nazioartekoen segurtasunaz baino haien sarraskien testigantza eman dezaketen lekuko ezerosoez kezkatu ohi dira okupazio armadako soldaduak. Militarren ezezko biribilaren aurrean, beraz, buru-makur joan behar izan genuen, kontrolaren beste aldean gertatzen ari zenaz kezkatuta.Beer Shevara abiatu ginen. Negeveko basamortuko hiriburura, alegia. Garai batean 80.000 palestinar beduino bizi ziren bertan, harik eta 1948ko kolonizazioan sionistek zona okupatu eta beduino gehienak erbestera bultzatu zituztenera arte. 10.000 beduino gelditu ziren Negeven. Okupatutako herrian hiri modernoa eraikitzen zuten bitartean erbestera joan ez ziren milaka beduinoak haien jatorrizko herritik alde egin eta basamortuan barreiatuta gelditu ziren, Israelgo Administrazioak egun oraindik onartzen ez dituen herrixketan. Zituzten hamabi milioi domunetatik (33x33 m) milioi eskas bat utzi zieten, eta Estatu sionistaren barneko arabiarrak bigarren mailako hiritarrak izanik, lurra erosteko eskubidea ere kendu zieten (sionismoaren arabera lur sakratua izanik, juduek baino ezin dute haren jabe izan). «Onartu gabeko herria» izateak zera suposatzen du, oinarrizko azpiegiturarik ez izatea, ez urik, ez argindarrik, ez errepiderik, ez eskolarik... 1969tik aurrera Israelgo Estatuak barreiatuta zeuden beduino haiek kontzentratzeko egitasmo bat abian jarri zuen. Egitasmo haren bitartez estrategikoki kokatutako zazpi herri onartu zituzten, eta gutxiengo azpiegitura batzuez hornitu zituzten basamortuko beduinoak herri hauetara erakartzeko, horrela palestinar haiek euren lurrekiko lotura zein euren ogibide nagusia den abeltzaintzarekiko lotura ere galduko lukete. Egitasmo haren helburua zen beduinoak «gizarteratzea», lan esku merkea bihurtzea, eta eurek utzitako lurrak nekazari juduentzat bereganatzea. Baina, israeldarrek ez zuten lortu basamortuko palestinar beduino guztiak menderatzea. Gaur egun 120.000 palestinar bizi dira Negeven, horietatik 70.000 onartu gabeko 45 herritan. Oraindik ere herri horietan ez dago baldintza humanitario minimoak bermatzeko azpiegiturarik (argindarra, ura, errepideak, eskolak, zentro medikuak...). Administrazio sionistak isurpen toxikoak zein kimikoak sortzen dituzten hainbat lantegi bertan jarri ditu beduinoak berriro ere erbestera bultzatzeko. Haur beduinoak eskola berezi batzuetara joatera behartuta daude, non hebreera eta Israelgo historiaren ikuspuntu sionista irakasten baitiete. Hainbat lanbide debekatuta daude Israelgo arabiarrentzat, besteak beste, elektrizitate zein kimika arloko lanbideak, aeronautika arlokoak... Azken batean, hamaika trikimailu Zisjordania eta Gaza artean dauden eremu estrategiko haietako azken palestinarrak menderatu eta «gizarteratzeko». Baina, oztopoak oztopo, 48an okupatutako eremuetako palestinarrek (gaur egungo Israel, alegia) euren ohitura, hizkuntza eta palestinar izaerari eutsi diote. Jerusalemera bueltatutakoan Gazan egindako beste sarraski baten berri izan genuen. Bost hildako eta bederatzi zauritutik gora, horra hor goizean entzundako eztanden emaitza. Eretzeko sarreratik bi kilometrora jaurtitako bonbak hain gertu entzun izanagatik... zeinen urrun dauden Gazako hildakoak. Osasuna eta askatasuna. Salamat. -
|