GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-05
DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA
Donostiako Piratek 2006ko jaietako egitasmo alternatiboa aurkeztu dute
Donostiako Piratek hiriko Bulebarrean aurkeztu zuten atzo 2006ko Aste Nagusirako antolatu dituzten ekintzen egitaraua. Gainera, irakurri zuten aldarrikapenean udaletxeari herritarrak ikusle huts bihurtzea leporatu zioten. Jai alternatiboek abuztuaren 12an izango dute hasiera, txupinazo berezi eta guzti, Bulebarretik irtengo den kalejira batekin, Donostiako hainbat eragilek antolatuta, «Herriak herriarentzat eginak, baita Donostian ere» lelopean.

DONOSTIA

Donostiako Piratek herri-jaien aldeko egitaraua aurkeztu zuten atzo Bulebarrean 12.00etan eskaini zuten prentsaurrekoan. Urtero bezala, parte hartzea bultzatzen duten herri-jaiak bultzatzearren bildu dira aurten ere. Ekintzez beteriko egitasmoa dakarte 2006ko jai hauetarako. Ekimen horrekin, «ñoñostiar» kultura eta ohiturak salatu nahi dituzte, iraganetik edo Belle époque deritzon hartatik datorren kultura kontsumista eta turistikoa, esate baterako.

Jai piratak abuztuaren 12an hasiko dira, Bulebarretik irtengo den kalejira batekin. Leloa «Herriak herriarentzat eginak, baita Donostian ere» izango da, eta hiriko hainbat eragilek antolatutako manifestu bati atxikimendua eman diote Piratek. Manifestua, gaur aurkeztuko dute eguerdiko hamabietan Trinitate enparantzan. Abuztuaren 12ari dagokionez, gaueko zortzietan kontzertua izango da Trinitate enparantzan eta Su Ta Gar, Kuraia eta Des Kontrol taldeek joko dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko 10 euroan. Egunean bertan eskuratu nahi duenak, berriz, 12 euro ordaindu beharko ditu.

Abuztuaren 14a egun handia izango da, Jai Herrikoien alde Abordatzera eguna izango baita, eta egun osoko ekintzak antolatu dituzte. 11.00etan, baltsa muntaia izango da kaian. 13.30ean, Zuloaga enparantzan, Bazkari Pirata izango da, eta 17.00etan hasiera emango diote Abordaiari. Aurreko urtean Bilboko Kaskagorri Konpartsa izan zen Piratekin, eta aurten, Iruñeko Gazte Konpartsa etorriko da, eta horiekin Elektrotxaranga taldeak ekintzak girotuko ditu. Ondoren, Alde Zaharreko kaleetan barrena kalejira izango da eta jaia gauera arte luzatuko da.

Abuztuaren 16an, altxorraren bila izango da Alde Zaharrean, eta taldeen arteko jokoak izango dira arratsaldeko bostetan.

Hurrengo egunean, hilak 17, gauerdian, bertso saio berezi batez gozatu ahal izango da Ikatz kalean, bertan izango baitira Silveira, Ministro eta Jokin Uranga bertsolariak. Bitxikeria bezala, alkatearen papera, piratarena eta turista aberatsarena antzeztuko dituzte.

Azkeneko egunean, abuztuaren 20an, 17.00etan, Irrikitaldia izango da udaletxe parean, eta alkateari egingo dioten omenaldi sarkastiko baten izaera eduki nahi du, azken urtean Odon Elorza alkateak egin dituen «astakeriak» salatzearren, Egiako Amets Enea gaztetxea bota izana, Gladys Enea parkearekin edo errausteko plantarekin izan duen jokaera, kasu. Alkate jaunari omenaldia egin eta gero Andra Maria elizaraino paseotxoa egingo dute, antzerkilari talde batek girotuta.

Herri-jaien aldeko ekimena duela 4 urte sortu zen, Donostiako zortzi gazte asanbladatako kideek bultzatuta eta Alde Zaharreko hogei tabernak sostengatuta. Harrezkero, indarra hartu eta hazi besterik ez dira egin, urtero egitaraua hobetzen eta luzatzen baitute.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Saihesbide alternatiboa aldarrikatu dute Urnietarako
Jendartea
Salhaketa denuncia «oscurantismo» tras la muerte de otro preso en Martutene
Jendartea
La plaza de la Virgen Blanca saltó a ritmo de Celedón
Euskal Herria
Dos familiares de Imanol Miner sufren un accidente cuando viajaban a Granada
Ekonomia
La CE cuestiona el valor de la cita de Australia para activar Doha
Mundua
Israel mata a decenas de civiles libaneses en los nuevos bombardeos indiscriminados
Mundua
Las naciones sin Estado bajo control francés unen su fuerza
Mundua
El ultraderechista Gobierno polaco quiere restablecer la pena de muerte
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss